Blowing Soul, funkaren bidean ibili nahi duen musika taldea

Baleike 2018ko uzt. 5a, 21:28

Zumaiako musika giroa gero eta anitzagoa da, taldeek jotzen dituzten estiloari begiratzen badiogu, behintzat. Orain urte batzuk arte nagusi ziren herrian punk eta metal estiloetako taldeak. Urteekin, baina, esparrua zabaltzen joan da eta hain ohikoak ez diren beste musika batzuk entzuteko aukera dago herrian. Horren adibide garbia da lehen disko bat atera berri duen Blowing Soul boskotea.

Gorka Ibargurenek (ahotsa eta gitarra), Ales Gorritik (gitarra), Abel Armendarizek (baxua) eta Ibon Gorritik (bateria) osatutako taldea da Blowing Soul. TikTarako buru Harkaitz Bastarrikak Musika Eskolan emandako rock kurtsoan aurki daiteke talde honen sorreretako bat. Hark inokulatu zien jazz, soul eta funkaren pozoina gazte hauei. “Gero, goizaldeko hizketaldiak izan ditugu tabernetan funkaren inguruan eta halako batean hitz egin genuen taldea sortzeaz”, azaldu digu Ibargurenek.

Orain lauzpabost urte sortu zuten taldea, baina bidea estropezuz betetakoa izan da, taldekide batzuk atzerrira joan direlako ikasketak egitera. “Esan genuen orain zela gauza serio hartzeko unea”, dio boskoteak barre artean.

Taldeak lehen urrats haietan rock ukitu handiagoa zuela diote taldekideek. “Jimi Hendrixen antzerako rocka jo nahi genuen. Hark ere soul ukitu handiak zituen”, dio Ales Gorritik. Garai hori jasotzen du argitaratu berri duten Suspicious fifteen lau kantako ep-ak. Hiru kanta propio eta Hendrix beraren Purple Haze mitikoaren bertsio bat aurki daitezke bertan. “Diskoa iazko ekainean grabatu genuen. Nahasketak egiterako unean atzeratu da guztia”, dio.

Diskoa salgai dago Itzurun tabernan, 3 euroan. Facebook bidez (BlowingSoul Taldea) ere eros daitekeela adierazi dute. “Mezu bat bidaltzen badigute bidaliko diegu”.

Gaur egun jotzen duten musikarekin zer ikusi gutxi duela diote taldekide beraiek, baina harro daude egindako lanarekin. “Sesio horietan funk estiloko abesti bat ere grabatu genuen, baina ez dugu sartu besteekin ez delako ondo geratzen. Denbora honetan funk eta disco estiloetara jo dugu. Emandako kontzertuetan ere ikusi dugu erantzun hobea duela eta jendea horrekin jartzen dela dantzan”.