TAOko makinak egokituko dira establezimendu batzuek bezeroei aparkalekua ordaintzea errazteko

Baleike 2018ko uzt. 4a, 08:00

Komertzioa edota banketxeak dauden eremuetan errotazio altuko gunean ezarri ditu Udalak aparkamenduaren erregulazio sistemaren barruan. Gune horietan ordu muga 90 minutukoa da.

Ibilgailua Zumaian erroldatuta dutenek doan aparkatu dezakete aipatu gune horietan baina herritarrez gain, badira inguruko auzoetatik erosketak egitera Zumaiara hurbiltzen diren lagun asko. Aurten, lehen ordu erdia doan eskaintzen zaie herrikoak ez diren ibilgailuei.

Edonola ere, neurri horretaz haratago, herriko hainbat erosketa establezimenduk lehen ordu erdiaz gain, errotazio altuko gainerako ordubetea ordainduko die bezeroei, baita, zenbait kasutan, TAOko lehen bi orduak ere, betiere, noski, erosketa baldintza jakin batzuk betez gero.

Horretarako, Udalak TAOko makinak egokituko ditu aurrerantzean bi tiket inprimatu ditzaten, bata autoan jarri eta bestea, aparkamendu denbora jakin hori ordainduko duen establezimenduan entregatu ahal izateko. Lan horietara bideratuko ditu Udalak 915€ eta egokitzapen lanek 10 egun inguru iraungo dutela aurreratu du.