Gipuzkoako Batzar Nagusiek bilkura ibiltaria egin dute gaur Zumaian

Baleike 2018ko uzt. 2a, 14:59

Gipuzkoako Batzar Nagusiek urtero herri bat aukeratzen dute bilkura ibiltaria. Gipuzkoako herriekin harremanak estutzea dute ekimen hauek helburu, eta gaur Zumaian bildu dira. 1979an Batzar Nagusiak berriro eratu zirenetik bigarren aldia da Zumaiara etortzen direla. Aurrekoa 1995ean izan zen. 

Goizeko 10:30ean elkartu dira batzarkideak udaletxe aurrean eta aurresku batekin agurtu zaie. Behin udaletxe barruan, Oier Korta Zumaiako alkateak Batzar Nagusien ohorezko liburua sinatu du, eta Batzar Nagusien presidente Eider Mendozak eta Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olanok Zumaiako Udalarenean idatzi dituzte hitz batzuk. Mikeleteek jotako Gipuzkoako ereserkiaren doinuekin sartu dira diputatuak udaletxeko pleno aretora.

Alkateak ongietorria egin die batzarkideei. Gogoratu du Batzar Nagusiak lehen 1995ean izan zirela Zumaian eta egoera erabat desberdina zela, garai hartan Gipuzkoa pairatzen ari zen krisi ekonomikoagatik eta ETAren hilketengatik. ETAk Zumaian bost pertsona erail dituela gogoratu du Kortak, horietatik azkena 2000. urtean hildako Joxe Mari Korta enpresaria eta alkatearen osaba. 1995. urte hartatik hona garaiak izugarri aldatu direla onartu du alkateak, "gizarteak aurrera egiten duenaren adibide". 

Eider Mendoza Batzar Nagusien presidenteak gogoratu du duela bost mende baino gehiago bilkurak 18 hiribildu zaharrenetan egiten zituztela, txandaka. "Mendez mende iraun zuen honek, Espainiako Gorteek Foruak deuseztatu eta Batzar Nagusiak desegin zituzten arte". Ehun urte ondoren, Batzarrak Zumaiara etorri ziren 1995. urte hartan berrikuntza historiko bat izan zela gogoan izan du: "Sei mendetan lehen aldiz, emakumezko bat aukeratu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietako buru, Ester Larrañaga, Eusko Alderdi Jeltzalekoa. Oraingo legealdian emakumezkoak erdiak baino gehiago gara: 27 emakume eta 24 gizon. Argi dago: emakumeen berdintasun eskubidea historiako aldaketa nagusienetako bat da eta ez dauka atzerabiderik".

ETAren amaiera ere gogoratu du Mendozak. "ETA bukatu da. ETAk bizia urratu zuen, pertsona askorena eta etxe askotakoa. Baita Euskadikoa ere, herria ez baita tiroz eta bonbaz askatzen, zartatu eta zapaldu baizik. Zatiketa da ETAk utzi duen herentzietako bat. Bada, zatitu behar ez zena batzeko garaia da, bakezkoak egiteko garaia". 

Azken urte hauetan bizitzen ari garen migrazioa ere hizpide izan du presidenteak. "Gizalegez erantzun beharra dago hainbat eta hainbat pertsonari eta berebiziko erronka honi. Kontrakoa eskandaloa da, zer esanik ez XXI. mendean".

Amaitzeko, Zumaian 1906an jaiotako emakume baten figura goraipatu du Mendozak: Elbira Zipitria Irastorza. "Nor-nori-nork metodoa asmatu zuen 1950eko hamarkadan, aditza ikasteko. Argia eta saiatua, langilea eta kementsua, euskaldun porrokatua eta abertzalea. Emakumea. Uste dut ezezaguna dela oso, zoritxarrez".