Aparkaleku sisteman aldaketak egingo dira

Baleike 2018ko eka. 28a, 15:21
Argazkia: Google maps

Aldaketa horiek Txomin Agirre kaian eta autobusak bira ematen duen lekuan egingo dira. Bestalde, igandean, herriko autobus zerbitzua jarriko da martxan.

Aparkamenduen 2018ko erregulazio sisteman bi aldaketa egitea pentsatu du Zumaiako Udalak lehendabiziko egunetako balorazioa egin ondoren.

Horrela, Zubitxikitik Moilaberriko zubia arte, Txomin Agirre kaian ibai aldean dauden aparkalekuak, gaur egun errotazio altuko B2 gunea dira, egoiliar gune izatera pasako dira, Eusebio Gurrutxaga plaza parean dauden sei aparkaleku inguru izan ezik. Horiek errotazio altuko gune gisa mantenduko dira. 

Bigarren aldaketa Saregile plaza parean egingo da, autobusak bira ematen duen lekuan. Gaur egun, gune hori egonaldi ertainekoa da, baina aste honetatik aurrera, autobusak biratzen duen lekua arte, egoiliarrentzat izango da. Gainerakoa, hau da Julio Beobide ibilbideruntz doana, aldiz, orain arte bezala, egonaldi ertaineko gune gisa mantenduko da.

Autobus zerbitzua

Igandean jarriko da martxan herriko autobus zerbitzua. Erabiltzaileek autobusa uneoro non dagoen jakin ahal izango dute  geltoki guztietan egongo den QR kodearen bitartez edota www.autobusa.zumaia.eus webgunean.