Desertuari eta gertutasunari lotutako bizitza

Baleike 2018ko eka. 26a, 19:28

Miguel Mari Larburu Aita Zuri zumaiarraren bizitza jasotzen duen liburua argitaratu dute. Bere esperientzia eta pentsatzeko era bildu ditu Koldo Aldai idazleak argitalpen honetan.

Itsasoa eta hondarra, bi elementu hauei lotutako bizitza da Miguel Mari Larburu Aita Zuri zumaiarrarena. Eta hala islatzen du bere bizitzaren berri ematen duen De mar y arena. Miguel Larburu, una vida de entrega en el desierto liburuak. Argitalpen hau herenegun aurkeztu zuten Zumaian, Alondegia kultur etxean. Larburu bera, liburuaren idazle Koldo Aldai, eta argitaratze lanetan lagundu duen Joseba Ossa izan ziren ekitaldian.  

Hiru lagun hauek orain hilabete batzuk egindako bazkari baten ondoren sortu zen liburua idazteko ideia. “Lizarran egingo zen jardunaldi baterako Islamaren aditu bat behar zuen Koldok, eta Miguel Mari proposatu nion. Bazkaltzeko elkartu ginen eta zazpi bat orduz hizketan aritu ginen. Koldok hainbat pertsona esanguratsuri buruzko liburuak atera ditu, eta pentsatu genuen Miguel Marik merezi zuela halako liburu bat”, gogoratu zuen Joseba Ossak.

Liburuaren izenburuaren jatorria gogoratu zuen Larburuk. Hasiera batean bere bokazioa itsasoa zela adierazi zuen, eta, zentzu horretan, Ternuan 22 urtez apaiz lanetan egondako Josetxo Beobide gogoratu zuen. Seminariotik atera zenean, baina, desertura joateko beharra sentitu zuela aipatu zuen. Eta baita joan ere. “Misiolaritza egiteko leku bat nahi nuen, ez hitzez, baizik eta lan eginez”. Hala, 42 urtez izan da Aljerian Aita Zuri bezala. “Liburu honek lau hamarkadako esperientzia eta nire norabidea zein izan den islatzen du. Gu ez geunden han haurrak bataiatzeko eta halakoak egiteko. Gure mezetako sermoiak ez ziren ederrenak. Nire ardura, hasiera hasieratik eskola profesionala martxan jartzea izan zen, eta bertako jendearekin lan egitea. Antoine de Saint-Exupéry idazleak zera zioen: ‘Jar ezazu jendea elkarrekin lanean eta azkenean elkar maiteko dira’. Hori da lortu duguna edo lortu nahi izan duguna”, nabarmendu zuen Larburuk.

Bizitzari garrantzia ematen dioena “gertutasuna” dela ere aipatu zuen. “Gizaki bat prestatu nahi badugu, horretarako beharrezkoa da gertutasuna”.

Bizitzaren eta erlijioaren ikuspegi horrek bultzatu zuen Koldo Aldai liburu hau idaztera. “Miguel Mariren adoreak erakarri ninduen. Baina, bere bizitza ezaguna denez, zer ekarpen egin nezakeen nik?, galdetu nioen nire buruari. Etorkizunaz duen ikuspuntua indartu nahi izan dut, positiboa delako. Beraiek bataiorik eta halakorik egiten ez zutela entzutean, behin eta berriro galdetu nion ea ez al zuten ebanjelizatzen. Afrikako beste lekuetan batioak barra-barra egiten zituzten, baina Aita Zuriak ez ziren horrelakoak. Etorkizuneko Elizaren balioak erakutsi dituzte Aita Zuriek, eta baita Miguel Marik ere”.

Liburua Alondegian dago salgai, 10 euroan. Aterako den dirua Aljerian egiten ari diren proiektu bat laguntzera bideratuko da.

Beatifikazio prozesuaz eta bokazio faltaz

Azken hamarkadatan Aljerian bizi izan den garai ilunenetako baten lekuko izan zen Miguel Mari Larburu. Terrorista islamikoek hainbat apaiza eta misiolari hil zituzten 1990eko hamarkada hasieran. Horien artean Aita Zurien kongregazioko lau kide zeuden, Larbururen lagunak zirenak. Ordutik giroa hobetu  dela uste du zumaiar honek. Giro aldaketa horren erakusle da, Larbururen ustetan, terrorismoaren ondorioz hildakoen beatifikazio prozesua Aljerian bertan egingo dela. “Normalean Erroman egin ohi dira. Baina, terroristek hil zuten azken erlijiosoa Oran hiriko gotzaina izan zen, eta prozesua Oran bertan egitea erabaki du Elizak. Aljeriako Elizak erakutsi nahi du terrorismoaren aurka denok elkarrekin egon ginela, kristauak eta musulmanak”.

Prozesua, ordea, espero baino mantsoago doala adierazi zuen Larburuk. “Islamistek oraindik indarra dute Aljerian eta arazoak sortu dizkiote Gobernuari ekitaldi hau dela eta. Gauzak atzeratzen ari dira. Hasieran irailean izango zela iragarri zuten, gero urrira atzeratzea erabaki zuten, eta azken berria da datorren urtean egingo dela”.

Hamarkada askotan izan dira Aita Zuriak Aljerian. Orain, baina, arazoak dituztela nabarmendu zuen Larburuk. “Europatik joan ginen guztiak zahartuta gaude eta utzi egin behar izan dugu. Europan bokazio falta dago, baina ez Afrikan. Badira Aita Zurien kongregaziora sartu nahi duten afrikarrak, baina arazoak dituzte. Izan ere, Aljeriako Gobernuak ez dute bisaturik ematen”.