San Pedro jaiak ospatuko dituzte Elkano auzoan

Baleike 2018ko eka. 26a, 12:08

Aiako eta Zarauzko Elkano auzoan San Pedro jaiak ospatuko dituzte ostegunetik igandera arte. Askotariko egitaraua osatu dute antolatzaileek. Hala nola, sardina-jana, tortilla patata lehiaketa, herri kirolak eta erromeria, besteak beste.

Ostegunean, hilaren 28an, ekingo diote sanpedroei festen hasierako txupinazoarekin, 20:00etan. Jarraian sardina jana eta helduentzako haur jolasak egongo dira.

Ostiralean, San Pedro egunean, bigarren txupinazoa botako dute suziri eta kanpaiekin, 08:00etan. Handik hiru ordu eta erdira, 11:30ean, meza nagusia izango da. Ondoren, berriz, auzokoen arteko tortilla patata lehiaketa egingo da. Epai-mahaiak erabakia hartu ondoren, bertaratzen diren guztien artean banatuko dira tortilla pintxoak. Hau guztia Itzeder eta Asier trikitilariek alaituko dute. Afaldu ondoren, gainera, erromeria izango da bi trikitilari horiekin.

Larunbatean, ekainaren 30ean, haur jolasak egingo dira 11:00etan. Gauean, berriz, auzoko frontoian afaria izango da, 21:30ean hasita. Ondoren, Kupela taldearekin erromeriaz gozatzeko aukera egongo da.

Amaitzeko, uztailaren 1ean, igandean, meza nagusiaren ondoren (11:30) herri kirolen txanda izango da. Pilotariak, aizkolariak, harrijasotzaileak eta trontzalariak beraien lana egingo dute Izer eta Alabier trikitilarien doinuekin lagunduta. Arratsaldean, berriz, idi probak egingo dira, 18:00etatik aurrera. Eta jaiei amaiera emateko, erromeria izango da Izer eta Alabierrekin.