Darahliko 70 gazte arituko dira boluntario lanetan Larrabetzun

Baleike 2018ko eka. 22a, 14:15

Saharar herriaren alde lan egiten duen Darahli elkarteko 80 lagun joan ziren pasa den martxoan desertura, errefuxiatuen kanpalekuetara. Esperientzia pertsonal izugarria bizi izan zuten gazte hauek.

Gazte hauek Darahlirekin duten lotura mantendu dute, eta uda honetan Larrabetzuko Bakeleku Udalekuan jarraituko dute begirale lanak egiten. 9 eta 12 urteko 36 haur saharar izango dira bertan udako hilabeteak pasatzen. Esperientzia honetan 70 gaztek hartuko dute parte txandatan banatuta. Lehen txanda ekaineko azken astean hasiko da.

Aurten Bakeleku Udalekua Larrabetzuko herriko eskolan kokatuta egongo da. Bertan 36 ume, bi arduradun saharar, sukaldari bat eta Darahliko 6 edo 7 begirale egongo dira.  Hauek egin beharreko lana honakoa izango da: eguneroko ohiko ekintza guztiak gestionatu: janariak, gelak, arropa garbitu eta jaso, garbiketa orokorra, umeak dutxatu, etab., kirol eta tailer ezberdinak antolatu, irteera ezberdinak egin: igerilekura, hondartzara, inguruko herriak ezagutzera. Eta, nola ez, ume guztiak mediku azterketa egitera eraman, bereziki batzuk dentistarengana, behar handia izaten baitute.

Uztailaren 14 eta 15ean Zumaiara aste-bukaera pasatzera etorriko dira eta gazte hauen familietan igaroko dute gaua.