Badatoz San Pedro jaiak!

Baleike 2018ko eka. 22a, 12:27

Ekainaren 28tik uztailaren 1era arte ospatuko dira sanpedroak aurten. Askotariko egitaraua antolatu du Udalak herriko elkarte eta eragileekin elkarlanean. Udaltzaingo zerbitzua 24 orduz izango da.

Ekainaren 28an, ostegunean, emango zaie hasiera festei txupinazoarekin arratsaldeko 18:00etan. Aurretik, goizean, LGTB egunaren harira, Berdintasunerantz klariona tailerra egingo da, Odietan. Bertan, haurrek mural bat margotuko dute lurrean.

Behin jaiak hasita, txarangaren kalejira, sanpedroetako danborradaren irteera (Sagarbidetik) eta herriko banderaren jasotzea egingo dira, azken hori 20:00etan udaletxean. Gau partean, iazko ekimenari jarraiki eta ekainaren 28an LGTB eguna dela aintzat hartuz, egun hori ospatzeko disko-festa eskainiko da, gaueko 22:00etan, Kofradian, Dj Unai Goikolearen eskutik. 

Hilaren 29an, San Pedro egunean, 09:00etan, diana egingo da Tolosako dultzaineroekin, alkate soinuaz, prozesioaz eta meza nagusiaz jarraituta.  Ondoren, egunean zehar, beste hainbat ekintza eta ekitaldi egingo dira, hala nola: Musika Bandaren kontzertua, haurrentzat jolas zein tailerrak, txarangaren kalejira, eskupilota partidu profesionalak Aitzurin… Gauean, 23:00etan hasita, su artifizialak izango dira Astondoa piroteknia etxearen eskutik eta jarraian, dultzaineroak kalejira egingo dute Arranplatik hasita Eusebio Gurrutxaga plazaraino. Ondoren dantzaldia egongo da bertan Musika Bandarekin. 

Asteburuan ere ekintza ugari izango dira aukeran. Larunbatean, esaterako, herri kirolak, beteranoen estropadak, boxeo jaialdia edota Rockalean eta Oihan Vegaren diskoteka egongo dira. Igandean, aldiz, artisau azoka, Falcons de Vilafranca kalejira eta mariatxien kontzertua.

Udalak eskerrak eman dizkie antolakuntzan parte hartu duten elkarte eta eragile guztiei eta herritar guztiak animatzen ditu ekitaldi zein ekintzetan parte hartu eta festez gozatzera. Bestalde, gogoratu nahi du aurten ere, 24 orduz eskainiko dela udaltzaingo zerbitzua.

Erlazionatuak

Sanpedroak eta uda

Baleike 2018 eka 22 Zumaia