Lizeagaren hitzaldiarekin hasi da X. Zumaia Flysch Traila

Baleike 2018ko eka. 21a, 11:46

Jokin Lizeaga korrikalariaren hitzaldiarekin hasi zen atzo aurtengo Flysch Trailaren edizioa. Bihar jarraituko du egitarauak Alberto Zerainen inguruko hitzaldiarekin Maria eta Josen, 19:00etan.

‘Mendi lasterketak, gozamena ala sufrimendua’ izeneko hitzaldia eskaini zuen atzo arratsaldean Jokin Lizeaga korrikalariak Oxforden. Horrekin eman zitzaion hasiera aurtengo Flysch Trailaren egitarauri. Izan ere, igandera bitartean, hainbat ekitaldi daude antolatuta.

Urrutira joan gabe, bihar bertan Alberto Zerainen inguruko hitzaldia egongo da Maria eta Jose ikastetxean, 19:00etan. 'Alberto Zerain, beti gogoan’ izeneko hitzaldia Sebastian Alvaro Al filo de lo imposibleko sortzaileak eta zuzendariak emango du. Bertan izango dira ere, Zerainen familia; Jose Ramon Agirre Marron, Zerainen lehen 8.000ko espedizioan (Everest, 1993) parte hartu zuen laguna; eta Jonatan Garzia, Zerainen azken 8.000koan (Annapurna, 2017) egon zena. “Pertsona hauetaz gain, beste batzuk ere etorriko dira; hala nola, Juanito Oiartzabal, Juanjo San Sebastian, Aitor Las Hayas, Iñaki Agirre eta Javi Antunez. Azken hirurak Zerainen lagun minak ziren”, kontatu du Bosco Garitano antolakuntzako kideak.

Larunbat goizean, berriz, Zeraien familiari eta lagunei ekitaldi berezi bat egingo zaie Flyscharen lekuren batean. Arratsaldean, Gipuzkoako Mendi Federakuntzarekin elkarlanean, Gipuzkoako eskalada eta orientazio topaketa egingo da. Eskalada 5 eta 16 urte bitartekoentzat dago zuzenduta, kiroldegian egingo da eta doakoa izango da.  Orientazio froga, aldiz, kiroldegitik abiatuta, herrian zehar hiru ibilbide egongo dira aukeran. Ekintza honetan parte hartu nahi dutenek 3 euro ordaindu beharko dute, eta familian, lagun artean edota banaka hartu daiteke parte.

Igandean, aldiz, X. Flysch Trail mendi lasterketa jokatuko da 08:30ean hasita. Maratoia, maratoi erdia eta itsuen eta kadeteen lasterketak izango dira aurten.