Indarkeria sexistaren aurkaren frente komuna aurkeztu dute Aldundiak eta udalek

Baleike 2018ko eka. 19a, 17:24

Indarkeria sexistaren aurkako erantzun publiko instituzionalerako udalerrientzako lehen protokoloa aurkeztu zuten atzo Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitzan. Prokolo honek ekintza esparrua eta erantzun harmonizatu eta estandarizatu komuna eskaintzen du Gipuzkoa osorako, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako batasuna adierazteko eta berdintasunaren aldeko irudia bateratua emateko helburua duena. 

Aurkezpen ekitaldian Markel Olano aldun nagusia eta Gipuzkoako 51 udalerrietako alkate eta ordezkariak izan ziren. Zumaiako ordezkari bezala Oier Korta alkatea izan zen. 

Ekitaldian zehar Olanok adierazi die bertaratutako 70 kargudunei lurralde osoko herri ordezkari gisa eurei dagokiela "emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun argi, irmo eta koherentea ematearen ardura". Hala, "lehen mailako gizarte arazo baten" aurrean aurkitzen direla ohartarazi du diputatu nagusiak eta zehaztu du "gizarte moduan aurre egin beharrezko egiturazko arazo handienetako baten aurrean" gaudela, hau da, "gizonen eta emakumeen arteko desberdinkeria". Olanorentzat, "neurri handi batean, gure garapena eta etorkizuneko ongizatea gaur egun abiarazten ditugun berdintasun politika eta ekintzek zehaztuko dute". Gauzak honela, garrantzi berezia eman dio diputatu nagusiak protokoloak jasotzen duen konpromiso publikoari.

Lurralde mailako batasuna eskaini nahi da protokoloarekin, irudi bateratua eta erantzun komuna eskainiz. Honetarako, esparru juridiko, terminologiko eta koordinatua zehazten da indarkeria sexistaren kasuen aurrean, pautak emanez eta erantzunerako bideak seinalatuz. Honetarako gerta daitezkeen eszenario ezberdinak deskribatu eta horien aurrean eman beharreko urratsak erakutsi eta antolatzen dira (eszenarioak hilketatik hasi era askotariko eraso sexistetara doaz). Zehaztutako eszenario bakoitzeko, erakunde arteko koordinazio urratsak agertzen dira eta deialdietarako ekintzak deskribatzen dira, baliabideak eskainiz (komunikazio instituzionalak, prentsa ohar ereduak, deialdiak...). Protokoloak, halaber, Aldundiak erasoa jasan duen emakumearen eta haren senideen eskura Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen dituen arretarako eta informaziorako zerbitzuak ere eskaintzen ditu