‘Sempiterno’ erakusketa zabalduko du gaur Ester Gimeno artista madrildarrak Oxforden

Baleike 2018ko eka. 19a, 12:44

Errealismoa, erretratua eta skatea ditu oinarri Ester Gimenoren lanak. 23 urteko artista gazteak bakarka aurkezten duen lehen erakusketa izango du Zumaiakoa. Gaur arratsaldean egingo du inaugurazioa 18:30ean, eta uztailaren 1era arte egongo da ikusgai Alondegiako Oxford aretoan.

Francisco Hernandez artista zumaiarraren familiartekoa da Ester Gimeno, eta honek aholkatuta jarri zen Udaleko kultura teknikariarekin harremanetan. “Franciscok jarri zuen behin bere erakusketa hemen, eta esan zidan agian izango nuela aukera nik ere nirea ipintzeko. Horrela, eskaera egin nuen eta tarte bat eman zidaten”, kontatu du Gimenok.

23 urte ditu eta Arte Ederrak ikasi ostean, Arte eta Sorkuntzaren Ikerketa masterra amaitu zuen iaz. Zumaian jarri duen Sempiterno erakusketa izango du bakarka aurkezten duen lehenengoa. Aurretik, eta modu kolektiboan, fakultateko erakusketa batean hartu zuen parte, eta baita Madrilen egiten den JustMad arte azokan. “Bakarka ere aurkezteko aukera izan nuen Madrilgo sala batean, baina zerbait txikia izan zen”, gaineratu du.

Sempiterno erakusketaren oinarrian erretratuak daude. Guztira 43 pieza ekarri ditu, eta horietatik sei Skateart-ekoak dira. “Sempiterno hitzak betierekoa esanahi du, hau da, betirako iraungo duten gauzak dakartza gogora eta hain zuzen erretratuak hori islatzen dute. Pertsona baten momentu bateko irudia jasotzen duzu, eta irudi hori betierekoa izango da”, azaldu du.

43 pieza horietan mota askotako pertsona eta pertsonaiak ikusi daitezke, baina gehienak bere gertukoak dira. “Horiez gain, pertsonaia ezagunak ere erretratatzen ditut. Adibidez gustuko ditudan rap abeslari batzuk ekarri ditut erakusketara, eta baita Game of Thrones telesaileko protagonista batzuk ere. Azken hauek ez nituen ekarri behar, baina gero gogoratu nintzen duela bi urte Zumaian egin zirela grabaketa batzuk eta pentsatu nuen erakusketa barruan sartzea”, kontatu du. Argazkiak ere izaten ditu inspirazio iturri, eta batzuetan horietako bateren bat hartu eta eta bere erara marrazten du. “Baina lehen esan dudan moduan, erakusketako marrazki gehienak nire gertuko pertsonenak dira, eta autoerretratuak ere agertzen dira”, kontatu du irribarretsu.

Erakusketako lan guztiak eskuz egindakoak dira, eta gehienetan arkatza erabili du. “Nire tresnarik gustukoena da”, azpimarratu du. Hala ere errotuladoreak ere erabili ditu hainbatetan.

Skateart-a

43 piezetatik sei kenduta, A3 eta A4 tamainan egin ditu Gimenok. Beste seirak Skateart-aren barruan sartzen dira. Iaz amaitu zuen Arte eta Sorkuntzaren Ikerketa masterreko amaierako lanaren emaitza dira. “Anaia, familia eta lagun askok skatearekin zerikusia dute. Ni ez nago guztiz sartuta, baina zerbait ibiltzen naiz, orduan, nire masterreko amaierako lana horrekin lotuta egin nahi nuen”, esan du.

‘Skatea, ekintza sozial eta feministako artean erabilita’ jarri zion izena proiektuari, eta ikerketaren ardatza feminismoa eta gazteen borroka izan zen. “Skatearen bidez gazteen borroka, feminismoa, berdintasuna eta tolerantzia bezalako ideiak nola aplikatzen diren adierazi nahi nuen”, kontatu du. Bere iritiz, skatea oraindik kirol maskulinoa da. “Behin mundu horretan sartzen bazara berdin du emakumezkoa edo gizonezkoa izan. Denek berdin tratatzen zaituzte, baina egia da oraindik ere gehienak gizonezkoak direla”, jarraitu du.

Skateart-eko sei pieza ekarri ditu erakusketara. Lau handi eta bi txiki. Guztiak oholetan egindako ilustrazioak dira. “Oholei bigarren bizitza bat ematea ere bazen proiektuko helburuetako bat. Azkenean ohol pila bat egoten dira baztertuta, eta horiek birziklatzea garrantzitsua da. Piezara gerturatuz gero, kolpeak ikusiko dira. Hauek ez dute kirola praktikatzeko balio”, esan du.

Skateko oholetan agertzen diren pertsonak orotarikoak dira. “Gazte jendea agertzea nahi nuen, nazionalitate ezberdineko pertsonak marraztu eta bakoitzaren borroka adierazi. Hori zen nire proiektuaren helburua”.

Gaurtik uztailaren 1era arte egongo da erakusketa zabalik Alondegiako Oxford aretoan. Astelehenetik ostiralera 18:30etatik 20:30etara, eta asteburuetan 12:30etatik 14:00etara eta 18:30etatik 20:30etara. Nahi duenarentzat enkargu bidez ere lanak egiten ditu.