Hondakinak Biltzeko Zerbitzuak udako kanpaina jarri du martxan

Baleike 2018ko eka. 15a, 15:36
Argazkia: Kultur Atelier.

Gaur goizean Udal Elkartearen egoitzan egin den aurkezpenean argitaratu da uda sasoian bisitarien artean banatzeko gomendioak jasotzen dituen euskarria. Bide batez, hondakinak biltzeko sistema berriaren ezarpen fasea amaitutzat eman da, eta hobekuntza batzuk egingo dira.

Udal Elkartearen egoitzan egin dute agerraldia gaur goizean Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko presidenteak, eta ordezkaritza politikoa daukaten taldeetako ordezkariek. Bertan aurkeztu dute Hondakinak Biltzeko Zerbitzuak ekainean abian jarri duen udako kanpaina. Urola Kostan turismoak eta aisialdiak duen pisua ikusita, eta biztanleriaren hazkundea eta horrek ekartzen duen hondakin kopuruaren handitzea dela eta, bisitarientzako euskarria argitaratu dute. Urola Kostan Bagoazz! Egin bat gurekin-Recicla con nosotros izeneko esku-orria turismo bulegoetan, kanpin, hotel, landetxe eta apartamentu turistikoetan egongo da eskura.

Euskarri horrek bi helburu izango ditu. “Batetik, gure eskualdean hondakinak sailkatzeko konpromisoa tinkoa dela erakutsi nahi dugu. Bestetik, bisitariei konpromiso bera har dezaten esaktu nahi diegu”, azaldu dute. Esku-orria lau hizkuntzetan dago argitaratuta, eta batez ere hondakinak bereizteko aholkuak jasotzen ditu.

Bide batez, Urola Kostako Udal Elkarteko ordezkariek turismo sektoreko eragileen inplikazioa eskertu dute. “Euren ekarpenekin bultzada handia emango diote hondakinak sailkatzeko sistemari. Bozgorailu lana egingo dute, eta ez da gutxi. Emaitza uda amaituta ikusiko da, baina guk bisitariak inplikatuko direla uste dugu”, nabarmendu dute.

Esku-orriaz haratago, taberna eta dendetan pegatinak banatuko dira. “Pegatina jartzen duen komertzioa, taberna edo dena delakoari prestigioa eman nahi diogu. Nolabaiteko ziurtagiri moduko bat da, jendaurrean hondakinak sailkatzeko konpromisoa hartu eta betetzen duela jakinarazten lagunduko diogu”, esan dute. “Horrekin batera herritarrak, merkatariak, ostalariak eta enpresariak zoriondu egiten ditugu, aurrerantzean ere hilabete hauetan erakutsi duten konpromisoarekin eta jarrerarekin jarraitzeko eskatuz”.

Ezarpen fasea amaitutzat

Goizeko prentsaurrekoa ere baliatu dute otsailean martxan jarri zen hondakin sistemaren ezarpen fasea amaitutzat emateko. Ildo horretan, urtarriletik apirilaren amaiera arteko behin betiko hondakinen bilketa-datuak helaraziko dituzte herritarrei. Etxebizitza guztietako postontzietara iritsiko da esku-orria ekainaren 18tik aurrera.

Hala, ezarpen fasea amaitutzat emanda, Udal Elkarteak hainbat hobekuntza egingo ditu ekainean eta uztailean, besteak beste: bilketa zerbitzuak indartu hainbat bilketen maiztasuna handituz, organikoa eta errefusa jasotzeko edukiontzietan pedalak jarriko dira, hondakin gehin jasotzen duten puntuetan hirugarren garbiketa edo aurre bilketa egingo da eguerdian (une honetan bi garbiketa egiten dira goizean eta arratsaldean). “Hemendik aurrera ere zerbitzua kudeatuz, hobetzen jarraitzeko berrikuntzak aztertu eta herritarren zalantzak eta iradokizunak erantzuten joango gara”, azpimarratu dute.