Euskaraldian parte hartzeko gonbitea egin dute

Baleike 2018ko eka. 15a, 12:39

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo den Euskaraldia ekimenaren aurkezpen ekitaldia egin zen atzo Kofradiako plazatxoan. 11 egun euskaraz lelopean egingo da Euskal Herri mailako ekimen hau, eta euskaraz hitz egin eta ulertzen duten herritarren arteko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu. 

 

Euskaraldiak iraungo dituen 11 egun horietan, euskaraz dakiten guztiek euskara ulertzen dutenei euskaraz bakarrik egitea lortu nahi da. Ekitaldian adierazi zutenez, Zumaian, %74 euskaraz ondo hitz egiteko gai da, eta ia %11 euskara ulertzeko gai da. "Eta horixe da gakoa! Indar hori aktibatzea".

Euskal Herriko zazpi probintzietan egingo den ekimen honetan parte hartzeko irailaren 20tik aurrera izena eman beharko da. Izena ematen duten guztiei txapa bana emango zaie. Txapa horien bidez jakingo da herritar horrekin nola jokatu. Ahobiziek euskaraz ulertzen duten guzti guztiei euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute, eta euskaraz dakiten edo ez ez badakite, lehenengo hitza euskaraz egingo diete. Belarriprestek, berriz, euskaraz dakiten guzti guztiei beraiei euskaraz egiteko eskatuko diete. Ahal badute euskaraz erantzungo dute eta beste batzuetan erdaraz erantzungo dute. 

"Txapa paparrean dugula, euskara gehiago erabiltzea nahi dugu. Eta askotan jende askorekin erdaraz egiteko dugun ohitura aldatzea lortuko dugu. Hasteko 11 egun, baina gero 11 egun horietan hartutako ohitura berriak  mantentzea errazagoa egingo zaigu guztioi", azaldu zuten ekitaldiko gidariek.

Zumaiako gizartearen irudi anitza erakutsi nahian, jatorri desberdineko herritarrek euskararekiko konpromisoa erakutsi zuten atzoko ekitaldian. 14 izan ziren oholtzara igo ziren herritarrak, eta ekimenarekin bat egin zutena. Eskutan zirkulu formako kartel batzuk zituzten, eta bertan hitz bana. Izan ere, Euskaraldia, eta baita euskara ere, hitz hauekin lotu daiteke: Erabilera, Lurraldea, Ikusgarria, Aktibazioa, Aldaketa, Etorkizuna, Aniztasuna, Elkarlana, Taldea, Ibilbidea eta Baikortasuna.