Txupinazoak emango die hasiera gaur Alaiko jaiei

Baleike 2018ko eka. 15a, 11:58

Gaur arratsaldean hasi eta igande iluntzera bitartean ospatuko dituzte festak Alai auzategian. 18:00etan jaurtikiko den katxaperoak emango die hasiera Alai kultur elkarteak antolatutako jaiei. 

Txupinazoaren ondoren, 18:30ean, Team Wale hip hop eskolako erakustaldia egingo da, eta 20:00etan A Santo de qué taldearen kontzertua egongo da. 22:00etan mus txapelketa egingo da Zumaia Hotelean, eta egunarekin amaitzeko, 23:00etan, Hillbilly Jokers taldearen kontzertua izango da.

Bihar motozaleen eguna izango dute auzoan. Goizeko 9:30ean emango zaie ongi etorria inguratuko diren motozaleei. 11:15ean irteera egingo dute; bueltan 12:45erako egongo dira, eta 13:15ean taldeko argazkia aterako dute. Bazkaria 14:30ean egingo dute Beheko Plaza jatetxean. Tartean, 12:15ean, Serious Business taldearen blues kontzertua izango da. 

Arratsaldean, 16:45ean motoen jolasak izango dira auzoan, eta 18:30ean trial erakustaldia Herri Eskolan. 19:30ean Karter taldearen kontzertua izango da, eta 20:00etan zozketa. 20:30ean Katuarriren kontzertua hasiko da, eta 23:00etan su artifizialak izango dira Astondoa etxearen eskutik. 

Igandea gaztetxoen eguna izango da. 10:00etan katxaperoak jaurtikiko dira eta 11:00etan, Zumaiako Triatloi Taldearen eskutik, gaztetxoen IV. duatloia egingo da. 12:30ean Kodaore judo elkartearen erakustaldia egingo da, eta 13:30ean gaztetxoen sukaldaritza txapelketa. Makarroiak prestatu beharko dituzte. Txapelketako sari banaketa 14:40an egingo da. 

Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, puzgarriak izango dira, eta 17:00etan Gorriti eta bere animalien saioa. 19:00etan Maria Martinez zumaiarraren kontzertua izango da, eta festekin amaitzeko, 20:00etan, apar festa. 

Asteburu osoan food truckak, artisauak eta barrkak izango dira auzoan.

Mus txapelketa

Alaiko jaien lehen egunean, 22:00etatik aurrera, mus txapelketa jokatuko da Zumaia Hotelean. Izen ematea 20 euro izango da. Sariei dagokionez, irabazleek bildutakoaren %50 eramango du, bigarren sailkatuek %30, hirugarrenek bildutakoaren %20 eta laugarrenek eta bosgarrenek bazkari bana.