Eskualde mailako jubilatuen eta pentsiodunen manifestazioa egingo da igandean Zarautzen

Baleike 2018ko eka. 14a, 12:49
Argazkia: Bittor Bengoa

Urola Kostako jubilatuen eta pentsiodunen plataformak antolatuta, igande honetan, eguerdiko 12:00etan hasita, manifestazioa egingo da Zarautzen, Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta. Pentsio publiko duinak gaurko eta biharko! lelopean egingo da ekintza, eta jubilatuak bakarrik ez, beste kolektibo asko ere deitu dituzte martxan parte hartzera. 

Ekainaren hasieran sortu zuten plataforma hau Azkoitia, Azpetia, Zestoa, Aizarnazabal, Zumaia, Getaria, Zarautz, Aia eta Orioko lagunekin. Plataformaren lehen ekintza igandean Zarautzen egingo den manifestazioa izango da. "Funtsezkoa" bezala jotzen dutena lortzeko asmoarekin antolatu dute ekintza hau. 

Bi eskakizun dituzte pentsiodunek: "Batetik, Toledoko Paktoekin desegiten ari den Pentsio Sistema Publikoa errekuperatzeko beharra, eta, bigarrenak, adineko pertsonentzat gutxieneko pentsio duin bat egon dadila soldaten genero arrakala gaindituz. Arazoa oso larria da eta pentsiodun nahiz jendarte osoak jasaten du: gazteek, adinekoak, langabezian daudenek eta enplegatuek. Gainera, ondorioak gaurdanik dute eragina, eta ez jubilatzerakoan bakarrik", diote plataformakoek komunikatu baten bidez.

"Jubilazioa 67 urte arte luzatzen denez, gazteentzako lanpostuak gutxitu egin dira eta beraien emantzipazioa atzeratu". Plataformako kideen ustetan, huts egiten duena ez da Pentsioen Sistema Publikoa, "langileen kotizazioa baizik, beraien soldata baxuek ez dutelako etorkizunerako nahikoa ematen".

Jubilatu eta pentsiodunez gain, manifestazioan parte hartzera deitu dituzte ikasleak, gazteak, emakumeak, alargunak, adinekoak eta langileak oro har. "Denok auzi berean elkarturik gaudelako. Jendarte osoa babestuko duen kalitatezko eta berdintasunezko bizimodu baten alde ez bagaude, ez da egongo Pentsio Sistema Publikorik".