Heriotza duina hizpide izan zuten atzo Oxforden

Baleike 2018ko eka. 13a, 11:35

Nagusiekin nagusientzat programaren barruan, puri-purian dagoen gai bat aztertu zuen Iñaki Olaizola Eizagirren antropologoak atzo Alondegiko Oxford aretoan eskain zuen hitzaldian: Heriotza duina eta aurretiozko borondatea, hain zuzen ere. 

Asko dira bizitzaren amaierara heltzean, edo bizitza baldintzek bultzatuta, heriotza duina eskatzen dutenak. Gai hori izan zuen hizpide Olaizolak atzo emandako hitzaldian. Baina, heriotzaz baino, heriotzara eramaten duen bideaz aritu zen antropologoa: adinagatik batik bat, baina baita ere dependentzia baldintzetan bizi direnen prozesua, heriotza beraren atariko azken egunak, edota heriotzaren ondorena ere.

Bizitza kalitatea eta norberaren erabakitzeko aukera dira, bere ustetan, heriotza duinaren ardatzak. Horretarako gizarteak, osasun sistemak, eta familiak zein lagunarteak duten pisua nabarmendu zituen Olaizolak.

Eskainitako hitzaldi interesgarrian puntu asko aipatu zituen, hala nola, bizitzaren azken sasoian zaintzak duen garrantzia eta horren inguruan dauden aukerak; sedazioaren, eutanasiaren eta suzidioaren artean dauden aldeak eta bakoitzarekiko onarpen soziala, eta heriotzaren ondoren datozen errito edo erabakiak.

Aldez aurreko borondateen dokumentuaren inguruan aritu zen hitzaldiaren amaieran. Honen inguruan oraindik lan asko dagoela egiteko adierazi zuen. Testamentu hau Osakidetzaren webgunean hau aurki daiteke. Familia medikuaren bidez ere egin daitekeen arren, gauzak garbi eta ongi lotzearen garrantzia azpimarratu zuen hizlariak.