baleike.eus

Eskola Txikien Festaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek

Baleike 2018-06-11 11:58   Hezkuntza

Atzo ospatu zen Oikian Gipuzkoako Eskola Txikien 31. Jaia. Aldarrikapena eta festa batzen dituen ekimen honek kolorez jantzi zuen auzoa. Antolatzaileek herri indarraren garrantzia azpimarratu, eta egunaren balorazio ona egin dute. "Herri guztiak buru-belarri jardun zuen auzolanean eta antolakuntza bikaina izan zen. Goizetik iluntzera arte boluntario taldeek ere sekulako lana egin zuten, eta benetan pozik gaude geure herri indarra modu alai batean partekatu genuelako", nabarmendu dute.

Arrakastatsua izan zen Gipuzkoako Eskola Txikien 31. Jaia. Goizean goizetik jende andana gerturatu zen Oikiara, eta antolatzaileak pozik agertu dira. "Goizeko egitaraua arazorik gabe joan zen, eta, arratsaldean, euria hasi zuenean aterperako jaimak jarri ziren plazan, pailazoek pilotalekuan egin zuten emanaldia eta festak arazorik gabe jarraitu zuten", esan dute. Arratsalde erdirako atertu zuenez, apar festa jendetsua izan zen plazan eta txokolate beroa ere banatu zuten. 

Egitarauaren barnean, azpimarratzeko da goizean egin zuten ekintza sinbolikoa. Gipuzkoako 26 eskola txikietako haurrek euren hatz marka koloretsuak jarri zituzten. Helduek, 26 eskoletako zuzendariek eta erakunde politikoetako ordezkariek ere jarri zuten hatz markak. Orain, Oikian bizi den Joxean Legorburu artistak eskultura berezia egingo du Oikiako eskola berriaren eraikina egiten denean bertan kokatu dadin. 

"Bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu laguntza eman diguten erakunde, enpresa eta elkarteei. Asko erraztu diguzue lana, bidelagun ederrak izan zarete eta aurrerantzean ere izango dugu elkarrekin urratsak emateko aukera Eskola Txikien alde", nabarmendu dute antolatzaileek. 

Eskola Txikien festako bideoak ikusteko aukera hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa