“Jendea gora eta behera ibili da. Oikia beteta egon da”

Baleike 2018ko eka. 10a, 21:01

Hilabete luzeko lanen emaitza izan dute gaur Oikian. Gipuzkoako Eskola Txikien festa ospatu dute OIkiako herri txikian. Orduak aurrera joan ahala, eguraldia aldatzen joan da, eta lehen ordutan izandako eguraldi eguzkitsutik euri zaparradetara pasa da arratsaldean. Hala ere, egitarauko ekitaldi guztiak egin dituzte.

Goizez eta arratsaldez herrian gora eta behera ibili da Itziar Garciarena, Oikiako Eskola Txikiko zuzendaria. Eguraldiaren aurreikuspenak ez ziten baikorrenak, baina, hala ere, itxaropentsu zeudela adierazi digu. “Atzo azken xehetasuna begiratzeko bildu ginen 19:30ak aldera, eta euria gogor hasi zen. Denok geunden mugikorrari begira eta zioen goizean eguzkia izango zela. Konfiantza bagenuen”.

Hitz egun dugunean oraindik amaitu gabe zegoen festa, baina, hala ere, egunaren balorazio “oso, oso ona” egin du Garciarenak. “Oso polita izan da eguna. Goizean, eguraldi ikaragarri horrekin, harrera ekitaldi polita izan da, eta gero jendea gora eta behera ibili da. Oikia beteta zegoen. Gune guztiak umeez beteta zeuden, eta giro oso polita izan dugu”.

Gaurko egunerako jarrita zeuden aurreikuspen guztiak bete direla dio Garciarenak. Horretarako lan gogorra egin dutela azpimarratzen du. “Iaz pasa ziguten lekukoa. Ordurako, dagoeneko, logoa aukeratuta genuen. Gabonak arte batzorde ezberdinak sortu ziren eta bilerak egin ziren, eta Aste Santutik ekainera arte bilerak eta bilerak egin ditugu. Oso ondo antolatu dira. Behin eta berriro esan dut, baina Oikiako jendea ikaragarria da! Oso ondo dakite zer ate jo behar duten nahi dutena lortzeko”.

Oikiako herritarren inplikazioa “izugarria” eta “beharrezkoa” dela nabarmendu du eskola txikiko zuzendariak. “Hau eskolaren esku bakarrik egongo balitz, ez zen erdia edo laurdena ere egingo. Egia da Eskola Txikien festa dela, eta hasi zenean, 1987. urtean, irakasleak hasi zuten, aldarrikapen moduan. Garaiak ere ez ziren berdinak. Lan karga handia da eskolak bakarrik eramateko, eta lekukoa gurasoek hartu dute, eta orain bertan gurasoek eramaten dute ardura handiena. Kontutan hartu behar da, gainera, orain antolakuntzan dauden guraso asko eskolako ikasle ohiak direla. Horrek lotura oraindik gehiago estutzen du”.

Festa amaitu da, baina ez Eskola Txikiko aurtengo jarduera. “Orain kurtsoa amaitu behar da, zer batak ez du bestea kentzen. Ebaluazio garaian gaude, datorren astean notak jarriko ditugu eta gurasoekin elkartuko gara, baina egia da lan zama handia kenduko dugula gainetik”.  

Erlazionatuak