Bizikleta festa izan zen atzo Zumaian

Baleike 2018ko eka. 10a, 08:43

Bizikleta izan zen atzo protagonista nagusia Zumaian. III. Bizikleta eguna ospatu zen atzo, eta horrekin lotuta makina bat ekitaldi egin ziren egunean zehar. 

Irteerak, ginkanak, paella jana eta bizikleten gainean egindako ikuskizuna izan ziren atzo, hurrenez hurren. Bi lasterketa ere egin ziren: junior mailakoa goizean, eta alebin eta infantil mailakoa arratsaldean. 

Axular ibiltokiak, Txikierdik eta Maria eta Jose atzealdeko maldatxoak osatutako zirkuituari itzuliak eman zizkieten gaztetxoek. Alebin mailan 40 parte-hartzaile izan ziren: 33 mutil eta zazpi neska, Pablo Ausin izan zen mutiletan irabazlea, Ivan Dualen eta Eneko Indoren aurretik. Zumaiarrei dagokionez, hauek izan ziren emaitzak. Danel Beristain 5., Asier Aizpurua 6., Yuri Urbieta 7., Anuk Gogenola 8., Lizar Tolosa 35., Xabat Bergara 15., Zuhaitz Valero 16., Beñat Sanz 18., Manex Beristain 21., Iker Eizagirre 22., Kepa Urbieta 30., eta Hedoi Mateos 32.

Neskatan Intza Navarro izan zen irabazlea, Amets Goikoetxearen eta Maria Navarroren aurretik. Araitz Aldazabal eta Ihintza Garciarena zumaiarrak 6. eta 7. izan ziren, hurrenez hurren.

Jarraian, infantil mailako lasterketa jokatu zen. Hemen ere 40 parte-hartzaile izan ziren. 35 mutil eta bost neska. Mutiletan irabazlea Daniel Fursenko izan zen, erakustaldia eman ondoren. Bigarren Beñat Garaiar izan zen, eta hirugarren Yago Agirre. Zumaiarrek honako emaitzak lortu zituzten: Aritz Eizagirre 12. eta Heiko Mateos 17. Neskatan Garazi Bergara zumaiarra izan zen azkarrena.