Aparkamenduen sistema: jarraibideak

Baleike 2018ko eka. 8a, 14:56

Datorren ostiralean, hondartza denboraldiarekin batera, jarriko da indarrean Zumaiako udalerriko aparkamenduak arautzeko sistema berria. Ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean egongo da sistema hau indarrean herri osoan, poligonoetako eremuak barne.

Iaz bezala, errotazio altuko guneak, egonaldi ertain edo TAO guneak eta bertakoentzat gordetako guneak bereiziko dira, oraingoan, herri osoan. Hemen duzue sistema honen inguruan Udaletik  igorritako informazioa.

Errotazio altuko guneak

Errotazio altuko hiru gune bereiziko dira: A, B eta C guneak, alegia. Ibilgailua Zumaian erroldatuta dutenentzat doakoa izango da bertan aparkatzea eta gainerako ibilgailuek lehen 30 minutuak izango dituzte doan. Bi kasuetan, tiketa inprimatu behar da.

A gunea: urte osoan egongo da indarrean eta hiru zatitan banatuko da:

  • A1: Moilaberriko zubitik Saregile plazara arte
  • A2: Amaiako Plaza
  • A3: Anbulatorioa

B gunea: uda sasoian egongo da indarrean eta bi zatitan banatuko da

  • B1: Zubitxikitik Moilaberriko zubira (ibai aldean)
  • B2: Alai (Eroski aurreko gunea)

C gunea: Foruen enparantzan kokatutako gunea izango da eta urte osoan egongo da indarrean.

Egonaldi ertaineko guneak (TAO guneak): uda sasoian soilik indarrean

Egonaldi ertaineko 4 gune bereiziko dira eta gunearen arabera, zumaiarrek 6 edo 11 orduz aparkatu ahal izango dute doan. Gainerako ibilgailuek ordaindu egin beharko dute. Bi kasuetan, tiketa inprimatu behar da.

  • Saregile plazatik hasita Julio Beobide ibilbide amaieraraino (6 ordu)
  • Itsal kiroldegia (6 ordu)
  • Axular ibiltokia (11 ordu)
  • GKN aparkalekua (11 ordu)

Egoiliar guneak: uda sasoian soilik indarrean

Txuriz eta E edo R batez margotutako guneak izango dira eta herri osoan zehar banatuta egongo dira. Horietan egoiliar txartela dutenek aparkatu ahal izango dute, betiere, egoiliar bakoitzari dagokion gunean.

Gune horiek dira:

  • 1. Ardantzabidea
  • 2. Alde zaharra-San Jose
  • 3. Larretxo
  • 4. Arrangoleta-Amaia plaza
  • 5. Poligonoa

Kasu honetan, uda sasoian, 1, 2 eta 4. zonak bakar bat bezala erabiliko dira. Horrenbestez, auzo horietan bizi diren lagunek gune horietako edozeinetan aparkatu ahal izango dute bertakoen txartelarekin.

Larretxon eta Poligono eremuan aldiz, bertan bizi direnek soilik aparkatu ahal izango dute baina aldi beren, horiek ezingo dute 1, 2 eta 4 guneetan aparkatu.

Egoiliar txartela:

Egoiliar txartela Juan Belmonte 10 zenbakian dagoen bulegoan eskuratu daiteke. Bulego hori uda osoa egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Egoiliar txartela eskuratu ahal izango dute: araututako guneetan bizi direnek, zona horietan lan jarduerak egiten dituztenek, bigarren etxebizitza Zumaian dutenek, egoiliarrak ez diren langileek eta landa lurretako eta herrigunetik kanpoko auzotarrek (Oikia, Narrondo eta Artadi).

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

  • Gidabaimena
  • Ibilgailua senitartekoren baten izenean zein etxean erroldatuta egonez gero eta txartela eskuratu nahi duen pertsona Zumaiako beste etxebizitza baten erroldatuta badago, ibilgailuaren aseguruaren fotokopia ere aurkeztu beharko da, interesduna bigarren edo hirugarren gidari bezala agertzen dela ziurtatzeko

2017an etxebizitza bakoitzeko bi txartel banatu ziren arren, aurtengoan irizpidea aldatu da eta horren arabera, etxebizitza bakoitzean dauden gidabaimenen txartel kopuru berdina emango da. Bigarren etxebizitza Zumaian dutenek, aldiz, gehienez bi txartel jaso ahal izango dituzte.  

Doako aparkalekuak:

  • Kirol portua (Saraunea)
  • Estazioko industria gunea

Herrian zehar desplazatzeko garraio zerbitzu publikoak:

Txalupa zerbitzua: aurtengo udan zerbitzua indartu du Udalak eta bi linea edo ibilbide eskainiko ditu.

  1. Txomin Agirre-Santiago hondartza: 30 minutuko maiztasuna izango du. Ordutegia: 11:15-13:45 bitartean eta 14:45-19:45 bitartean.
  2. Txomin Agirre-Kirol portuko aparkalekua: 20 minutuko maiztasuna izango du. Ordutegia: 11:00-13:30 bitartean eta 15:10-20:30 bitartean.

Herri autobus zerbitzua: aurten lehen aldiz jarriko da martxan zerbitzu hori herrian autoen erabilera murriztu eta mugikortasun jasangarria sustatzeko. 30 minutuko maiztasuna izango du.

Geldiuneak: Tren geltokia-Alai auzategia-Otezuri-Jadarre-Amaia plaza-Larretxo-Amaia plaza- Autobus geltokia (Garoa)- Autobus geltokia (Kabi)- Tren geltokia.