"Gipuzkoako Ingurumen Guneko lanen erdia" eginda dagoela dio Aldundiak

BABESTUTAKO EDUKIA 2018ko eka. 7a, 17:02

Gipuzkoako Ingurumen Guneko (GIG-1) obrak bisitatu dituzte Markel Olano diputatu nagusiak eta Jose Ignacio Asensio, Hondakinen Kontsortzioko lehendakari eta Ingurumeneko diputatuak Zubietan. Obra osoaren erdia egina dagoela eta, eraikuntza eta obra zibileko lanei dagokienez, % 70era iritsi dela egiaztatu dute.

Tratamendu mekaniko biologikoko eta biolehorketako plantei dagozkien eraikinak amaituta egongo dira laster. Era berean, balorizazio energetikoko plantaren egiturak oso aurreratuta daude.  Ekipamendu industrialen ezarpena egiten ari da, eta aurrera doa aurreikusitako epeen arabera. Amaitzen ari dira erraustegiak izango dituen bi labeetako lehenaren instalazio lanak, eta hasiak dira, baita ere, bigarren lerroko lanak. Hain zuzen ere hori da tamaina eta konplexutasun handieneko ekipoetako bat.

Diputatu Nagusiak Gunearen eraikuntza lanen martxa nabarmendu du, izan ere aurrera doaz inolako ustekaberik gabe, “Gipuzkoarentzat oso berri ona da”. “Beraz, Gipuzkoak legealdi bukaeran hondakinen arazoari irtenbidea bideratuta izango du,  2015ean hartutako konpromisoa betez”, adierazi du. Foru arduradunak gogorarazi du aurreko legealdian hiritarrek hondakinen kudeaketaren gaian irtenbideak eskatzen zituztela eta ingurumen baldintza handienekin egitea nahi zutela. “Herritarren eskaerari erantzuna eman diogu Europa mailan puntako eta erreferente diren teknologiak dituen planta bat eraikiz”, azpimarratu du.

Ingurumeneko diputatuak azpimarratu du GIG-1 gunea hondakinen inguruan egindako lanaren adierazle ona dela, eta Gipuzkoa arazoen politikatik konponbideen politikara igaro dela gai horretan. “Gipuzkoak prest izango ditu behar dituen konponbideak hondakinen % 100 modu ekologiko, jasangarri eta eraginkorrean kudeatzeko, Europako herrialde aurreratuenek egiten duten moduan”.

2019an, Ingurumen Gunea abian jartzen denean, Gipuzkoak abangoardiako zentro bat izango du hondakinak tratatzeko, kudeaketa gardena izango da eta Hondakinen Kontsortzioaren kontrol publikoa izango du. GIG-1 guneak tratamendu planta bat izango du zaborrarekin batera (10.000 tona urtean) nahasita iritsiko diren material birziklagarrien % 7,6 berreskuratzeko; ondoren, hondakinak biolehorketako plantara pasako dira pisua eta bolumena murrizteko, eta balorizazio plantaren energia produkzioa eraginkorragoa izateko. Sortuko den energia nahikoa izango da 45.000 etxetako beharrak asetzeko.