“Zaila da inoiz sentitu ez duzun hori eszena batean adieraztea”

Baleike 2018ko eka. 6a, 16:23
Argazkiak: Marta Fresnillo.

Goiatz Aguado 12 urteko zumaiar gazteak ¿Quieres que hoy te bese? film laburra estreinatuko du gaur arratsaldean Bilboko Kaostika jaialdian. Lehendabiziko lana du protagonista bezala, eta pelikularen gaia gogorra izan arren, heldutasuna erakutsi du bere lanean. Ostiralean Zumaian ikusteko aukera izango da Telmo eta Elena Irureta protagonista dituzten beste bi lanekin batera. Hiru laburrak Aita Marin emango dira, 19:30ean.

Iker Arce eta Miriam Ortega zuzendarien film laburra da ¿Quieres que hoy te bese? proiektua. 23 minutu inguru irauten duen eta zuri beltzean ikusiko den labur honek, Nerea izeneko neska gazte bati gertatzen zaion pasadizo traumatiko bat du oinarri. “Goiatz Donostiako agentzia batean dago, eta bertako arduradunak zaila eta gogorra zen proiektu bat zuela esateko deitu zidan. Labur horretako protagonista izateko pertsonarik egokiena bera izan zitekeela aipatu zidan, baina lehendabizi gidoia irakurtzeko gomendatu zidan”, adierazi du Montse Atxegak, Goiatzen amak.

Gidoia irakurri ostean, filmaren gogortasunaz jabetu ziren gurasoak. Zalantzak izan zituzten baina alabarekin hitz egin eta gero, aurrera egitea pentsatu zuten. “Badakigu nolakoa den gure alaba, heldutasun handia du eta berarekin hitz egin ondoren baiezkoa eman genion proiektuari”, gogoratu du.

Iazko udaran egin ziren grabaketak Zallako etxe batean. Aurretik, crowdfunding kanpaina bat abiatu zuten filmeko zuzendariek. Horrela, finantzazioa lortuta, 15 egunetan egin zuten grabaketa abuztuan eta irailean.

Eroso eta pozik

Drama generoan sartzen den pelikula da, eta hainbat eszena gogor ditu. Goiatzek onartu duenez hasieran zaila egin zitzaion espresio batzuk egitea. “Oso gaizki eta sufritzen nengoela adierazi behar nuen, eta horretarako, niri gertatutako egoera txar bat imajinatzeko esaten zidaten. Baina zaila da inoiz sentitu ez duzun hori eszena batean adieraztea”, kontatu du.

Neska alaia izatetik jarrera guztiz aldatzera pasatzen da Nerea protagonista. Filmean gertatzen den pasadizo traumatiko hori da inflexio puntua. “Handik aurrera eszena guztietan serio agertzen naiz eta aurpegiko espresioarekin nire sentimenduak kontatzen ditut”, gaineratu du.

Hala ere, egindako lanarekin pozik dago. “Gidoia irakurri  nuenean, nire papera arrarotzat ikusi nuen. Baina asko ikasi dut, eta grabazio taldearekin oso gustura egin dut lan. Momentu guztietan eroso egon nedin arduratzen ziren”, esan du.

Film hau erronka handia izan da bai Goiatzentzat, eta baita bere familiarentzat. Umetatik dabil publizitate eta ikus-entzunezko munduan, baina lehendabiziko aldiz, protagonista izatea tokatu zaio. “Filmaren gaia konplikatua da, baina baita errealista ere. Eszena askotan agertzen da eta grabazioaren 15 egun horiek lan askoko egunak izan ziren”, kontatu du amak.

Hainbat labur eta iragarkietan agertu da Goiatz. Ezagunena, agian, duela sei urte egin zuen Gernika bajo las bombas luzemetraia da. Orduan ere protagonistetako bat izan zen. “Gustatzen zait mundu hau, eta antzerkia ikasten nabil Donostian”, kontatu du. Gurasoek ere animatzen dute bide honetan, baina oinak lurrean dituzte. “Agentzian esanda dugu. Momentuz, hemen inguruan egiteko lanak nahi ditugu. Oso zaila da kanpora joatea. Gurasoak gainean egon behar gara, eta biak lanean egonda ez da erraza antolatzea. Zaharragoa denean eta bide honetatik jarraitu nahi badu guk babes osoa emango diogu”, esan du Montsek.

Laburmetraia Aita Marin emango da ostiralean, 19:30ean. “Zuzendariek esan didate ez dela umeentzako pelikula bat, nahiz eta Goiatz agertu, oinarrian dagoen gaia gogorra delako”, esan du Montsek. Hori dela eta, 14 urtetik gorakoentzat dago gomendatuta. “Lagunei hitz egin diet pelikulari buruz, baina uste dut hala ere pixka bat shockean geldituko direla”, gaineratu du Goiatzek. 

Telmo eta Elena Irureta ere protagonistak ostiralean

Guztira hiru laburmetrai eskainiko dira ostiralean Aita Mari zineman, 19:30etatik aurrera. Goiatz Aguado protagonista duen ¿Quieres que hoy te bese? filmaz gain, beste bi aktore zumaiar agertzen diren bi film izango dira ikusgai.

Horietako lehena Azken muxua deitzen den laburmetraia da. Alex Telloren film honetan Telmo eta Elena Irureta dira protagonistak. Filmaren helburua da ikuslea gogoetara bultzatzea. Horrela, bi protagonisten eskutik, Telmoren bizitza ezagutzeko aukera izango da. 'Nor da? Zer egiten du emakume batekin auto batean? Nor da emakume hori? Nora doaz? Zertara? Zergatik?' bezalako galderak erantzungo dira pelikulan zehar.

Hurrengo filma Robarte una noche izango da. Fernando Vera zuzendariaren labur honetan, Telmo Irureta izango da protagonista, Miren Ibarguren aktore ezagunarekin batera. Hiru egunetan filmatu zen Donostian eta egoera bitxi batean topatu eta ezagutzen diren bi lagunen historia pertsonala kontatzen da. Proiektu hau martxoa amaieran estreinatu zuten Donostiako Trueban.