Altsasuko gazteen epaia salatzeko asteburuan egindako pintadak gaitzetsi ditu Udal gobernuak

Baleike 2018ko eka. 6a, 14:21

Udal gobernuak bere desadostasuna adierazi du Altsasuko gazteen epaia salatzeko pasa den astean herrian zehar egin ziren pintadekin. Horren harira kexa ugari jaso dituztela ere azaldu du.

Ohar baten bidez, Udal gobernuak dio ez dagoela ados gazteei ezarritako sententzia eta zigorrarekin. Hori horrela izanda ere, gaineratu du ez datorrela bat desadostasuna azaltzeko egindako pintadekin. Azpimarratu du azken egunotan udaletxean “herritarren kexa ugari jaso direla”.

Beste behin pintadak gaitzetsi ditu “eta guztionak diren eremu publikoak eta noski, baita pribatuak ere, errespetatzea” eskatu du. “Zumaiako udal gobernuak errespetuaren eta bakearen aldeko apustua egiten du elkarbizitzaren oinarrizko printzipio gisa eta, horregatik, horrelako ekintzak eta jarrerak albo batera utz ditzatela eskatu die, berriz ere, egileei”.

Hemen ikus ditzakezue pasa den astean Zumaiako lekuetan agertutako pintada batzuk (argazkiak: Udal gobernuak igorritakoak).