Makina-erremintaren sektoreak bizi duen "une gozoa" nabarmendu du Olanok Biurtekoan

BABESTUTAKO EDUKIA 2018ko eka. 1a, 14:30

Barakaldoko BECen egiten ari den Makina-Erremintaren Biurtekoan (BIEMH) Gipuzkoako hainbat enpresa ari da parte hartzen. Bertan izan da Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olano eta feriak “sektoreak bizi duen une gozoa uzten du agerian” uzte duela nabarmendu du.

Une gozo hori zenbakitan laburbildu du, esanaz Gipuzkoako industriaren salmentak %11,4 hazi zirela apirilean eta, horrela, %4,6ko igoerarekin itxi zutela urtearen lehenengo lauhilekoa.

Guztira, lurraldeko 120 eragile inguru daude Biurtekoan, makina-erremintaren sektoreko enpresa, zentro teknologiko eta beste zerbitzuak eskaintzen dituzten konpainien artean. “Etorkizuneko industria da gaur hemen ikusten ari garena, eta etorkizunerako jauzi hori ematen lagundu behar diegu gure enpresei”, gehitu du Olanok.

Ekonomiak bizi duen momentu onean ere jarri du azpimarra Olanok, bereziki makina-erremintaren sektoreak. Diputatu nagusiak aurreratu dituen Gipuzkoako foru Ogasunaren datuen arabera, lurraldeko enpresen salmentak %12,7 hazi ziren apirilean, eta %5,9eko igoera metatua dute jada urteko lehen lau hilabeteetan. Industriak antzeko portaera izan zuen, apirilean %11,4 gehiago saldu baitzuen, eta %4,6ko hazkunde metatuarekin itxi du urtearen lehen lauhilekoa. Enplegu eta soldaten arloan ere datuak positiboak dira, bi adierazleak %4,4 eta %5 hazi baitira urteko metatuan, hurrenez hurren. “Zifrak onak dira, eta bilakaera positiboa adierazten dute gainera. Gure erronka nagusia agertoki hau finkatu eta bete-betean gure lurraldearen etorkizuneko erronkei aurre egiteko lanean jartzea da”, itxi du Olanok.