“Bizirik” daudela ospatuko dute Eskola Txikiek ekainaren 10ean Oikian

Baleike 2018ko mai. 29a, 16:24

Gaur goizean aurkeztu dute Oikiako eskolaren aurrean Gipuzkoako Eskola Txikien 31. Festa. Ekainaren 10ean ospatuko da egun handia, eta bertan izango dira 26 herri eta auzo txikietako ordezkariak. Hurrengo urteko lekukoa Aginagak hartuko du.

Gaur goizean aurkeztu dute ekainaren 10ean egingo den Gipuzkoako Eskola Txikien 31. Festa Oikian. “Erronka handi izan da guretzat baina esfortzu eta gogo izugarria jarri dugu”, aipatu dute antolatzaileek. Aurkezpenean izan dira Ainara Etxenausia, Guraso Koordinakundeko lehendakaria; Itziar Garciarena, Oikiako Eskolako zuzendaria; Dambo Diaby eta Urko Larrañaga ikasleak; Unai Gijarro, Kolarre Guraso Elkarteko kidea; Mikel Goñi, Eskola Txikien irakasle koordinatzailea eta Uxoa Urbieta, Baikara Gipuzkoako Ikasleen Gurasoen Federazioko ordezkaria.

Festarako gonbidapena eginez hasi dute aurkezpena, eta jarraian, Eskola Txikiek herri eta auzoetan duten garrantzia nabarmendu du Etxenausiak. “Eskola Txikien komunitatea osatzen dugun herritar zein auzokideak festa giroan elkartuko gara eskolak herrian edo auzoan izateak duen garrantzia aldarrikatzeko. Bide batez, urtero egiten dugun bezala, gure leloa esango dugu: Eskola Txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik!”. Oikiako eskolako zuzendaria den Garciarena iritzi berekoa da. “Festa hau ezinbestekoa da Eskola Txikien garrantzia aldarrikatzeko eta herrietako eguneroko bizitzan duten eragina azpimarratzeko”, nabarmendu du.

Kalitatezkoa eta modernoa

Oikiako eskolak ibilbide luzea du (badakite 1920. urterako eskola zegoela), eta gaur egun, 38 haur daude bertan: 17 Haur Hezkuntzan, eta 21 Lehen Hezkuntzan. “Eskola Txikiak altxorrak dira. Bertan, umeak aniztasunean hezteko aukera dute, euskaraz, giro goxoan eta naturarekin harremanetan. Horretaz gain, eskola modernoak eta kalitatezkoak dira”, azpimarratu du Garciarenak.

Duela urte batzuk, eskola berria egiteko proiektuarekin hasi ziren buru belarri lanean. Izan ere, gaur egungo eraikina zaharra da, eta leku falta handia dute. Momentu honetan azken pausoak ematen ari dira, eta urte amaieran eraikin berria egiten hasiko dira. “Solairu bakarreko eskola izango da, eta zerbitzu guztiak bertan izango ditugu: ikasgelak, jangela, gimnasioa eta liburutegia”, aipatu du zuzendariak.

Bost gune

Ekainaren 10ean ospatuko den festan, haurrak izango dira protagonistak. Esaterako, harrera ekitaldian, eskultura berezi bat egingo dute elkarlanean. “Guztiok gure hatz markak jarriko ditugu, eta gero, eskultura hori Oikiako eskola berrian jarriko da. Zuen beharra daukagu, beraz, etorri gurekin festan parte hartzera!”, gonbidatu du Diabyk. “Gogo handia dugu festa eguna iristeko, eta aurretik lan asko ari gara egiten: eskola margotu dugu, gune bakoitzetan jartzeko kartelak egin ditugu eta dantza eta koreografiak ere prestatzen ari gara”, jarraitu du Larrañagak.

Goizeko 10:30ean hasiko da festa ikasleak prestatzen ari diren ikuskizun koloretsuarekin. Harrera ekitaldi hori, hain zuzen, eskola berria eraikiko den eremuan egingo da. Bost gune izango ditu festak, eta ez dira ekintza eta ekitaldirik faltako: tailerrak, jolasak, puzgarriak, Gorriti eta Lopene bere animaliekin, Potxin eta Patxin pailazoen emanaldia, apar festa... “Oikia txikia izanik esfortzu handia suposatu digu festa antolatzeak, bai jende aldetik asko ez garelako, eta baita baliabide aldetik ere. Hala ere, horrek ez du esanahi festa eder bat antolatzeko gogorik ez dugunik izan, eta ahalegin guztia jarri dugu. Herritarron inplikazioa handia izan da”, kontatu du Gijarrok.

Festa eguneko trafikoaren kudeaketa ahalik eta errazena izateko, zenbait aholku ere eman dituzte. Egun horretan, Gure Esku Dagok antolatutako giza-katea kostako errepidean egingo da. Ondorioz, A8 autobidez datozenentzat, 48. irteera (Zumaia-Zestoa) hartzea gomendatzen dute. “Ondoren, Iraetatik barrena, Aizarnazabal pasa, eta Oikiara iristea izango da komenigarriena. Aparkalekuak Siemens eta Xey enpresen inguruan egongo dira”, esan du Gijarrok.

Eskolen arteko lotura

Eskola Txikiak, Euskal Eskola Publikoaren Sarearen aniztasunaren parte dira. Momentu honetan Gipuzkoan 26 Eskola Txiki daude, Araban 5 eta Bizkaian 19. “Urte hauetan guztietan egin dugun esfortzu eta lanari esker, eskola eta hezkuntza ikusteko modu propio bat garatu dugu”, adierazi du Goñik. Hain zuzen, Eskola Txikiek ezaugarri bereziak dituzte. Horietako bat adin aniztasunari ematen dien bultzada da. “Gure indargune handienetarikoa dela esan daiteke”, jarraitu du. Horretaz gain, tamaina txikikoak dira, baina “txikitasun horrek ematen dizkigun hainbat ezaugarri kualitatibo mantendu egin behar ditugu gure komunitatearen interakzio eta harreman onak bilatzeko”, aipatu du. Azkenik, eskola horiek landa eremuan kokatzen dira, eta eremu horren iraupenerako estrategikoak dira.

“Guretzat, guraso bezala, oso garrantzitsua da herrian bertan eskola izatea, eta gainera, kalitatezkoa. Herritar bezala ere, eskolak herriari ematen dion bizitza eta dinamika azpimarratu nahiko nuke. Bai gaur egun, eta etorkizunari begira ere, bertan sortzen den bizitza beharrezkoa da aurrera jarraitzeko eta ekintzaileak izateko”, nabarmendu du Gijarrok. Bide batez, Eskola Txikien arteko lotura ere zein garrantzitsua den azpimarratu du. “Festa honek, bide ematen dio lotura horri, eta festa egiteko ere motibo bat da”, gaineratu du.

Amaitzeko, antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkie festarako laguntza eman duten guztiei, egun bertan lanera etorriko diren boluntarioei, eta diru-laguntza edo materiala eman duten erakunde eta enpresei: Zumaiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eroski Fundazioa, AN Taldea, 0 Km Baserria, Siemens, Desin-Lan, Kaiku, Baque, Mila Antia eta Konde Landareak.

Festa antolatzea erronka bat izan da oikiarrentzat, baina ilusio eta gogo handia jarri dute hilabete hauetan guztietan. “Bizirik gaudela ospatuko dugu datorren ekainaren 10ean, eta etortzeko gonbidapena luzatu nahi diegu guztiei”, esanez amaitu dute.

Egitaraua

10:30: Harrera ekitaldia, harrera gunean (1. gunea).

11:30-13:30: Jolasak eta tailerrak gunez gune eta puzgarriak txikientzat, bost gunetan.

11:30-13:30: Eskola ikusteko aukera, Plazan (4.gunea).

14:00: Bazkaria, Estratazpian (2. gunea).

15:00-18:00: Zaldiak, pottokak eta poniak, harrera gunean (1. gunea).

15:30-16:30: Dantza saioa Zumaiako Musika Bandarekin, Estratazpian (2. gunea).

15:00-19:00: Puzgarriak, herri bidean (3. gunea).

16:00: Gorriti eta Lopene beren animaliekin, harrera gunean (1. gunea).

16:30: Potxin eta Patxin pailazoen Hondartza ikuskizuna, Plazan (4. gunea).

18:00: Apar festa, Plazan (4. gunea).

* Egun osoan zehar trikitilariak ibiliko dira guneak girotzen.

Erlazionatuak