Prekarizazioaren aurka elkarretaratzea deitu du LABek

Baleike 2018ko mai. 28a, 14:44
Argazkia: Maiatzak 1eko manifestazioa.

Elkarretaratzeak eskualdeko herri guztietan egingo dira asteazkenean 12:45etik 13:15era. Zumaian, tren geltokiko biribilgunean izango da.

Maiatzaren 30ean, asteazkenean, LAB sindikatuak 2 orduko lanuzteak legeztatu ditu langileen mobilizazioak indartzeko. Prekarizazioa eta pobrezia egoerari kalean erantzun bat ematea da asmoa. "Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren alde eta estatalizazioaren eta prekarietatearen aurka dauden pertsonak mobilizatzea izango da asteazkeneko apustua”, aipatu dute. 

"Zoritxarrez prekarizazioa egunerokoan bizitzen ari garen kontua da baina Estatalizazioaren bidez prekarietatea geldiarazteko bideak mugatu nahi dizkigute. Estatalizazioa Euskal langileoi estatu mailako lan baldintzak aplikatzeko estrategia da, hala eremu pribatuan nola langile publikoei dagokionean. Gure lan hitzarmenek arautzen dituzten lan baldintzak ez betetzeko eta merkeagoak eta okerragoak diren lan baldintzak inposatzeko estrategia estatala”, jarraitu dute. 

Hori dela eta, asteazkenean elkarretaratzea deitu dute 12:45etatik 13:15era. Zumaian ez ezik, Urola Kostako herrietan ere egingo dute:

  • Orio: Herri sarrerako biribilgunean.
  • Zarautz: Autobideko biribilgunean.
  • Getaria: Frontoi parean.
  • Zestoa: Arroako autobideko sarreran.
  • Azpeitia: Polikiroldegiko biribilgunean.
  • Azkoitia: Eroskiko biribilgunean.
  • Zumaia: Tren geltokiko biribilgunean.