31 baratza egokitu ditu Udalak Basustagainean

Baleike 2018ko mai. 27a, 10:09
Argazkia: Zumaiako Udala

Baratzak jartzeko lursaila egokitu du Zumaiako Udalak Basustagainean. 50 eta 70 metro karratuko 31 baratza izango dira, eta herritarren artean banatuko dira. Baratza Parkearen ekimen hau Kutxa Ekogunearen laguntzarekin gauzatu da.

Baratza gune honi helburu eta izaera soziala emateko asmoz, Basustagainean sortu diren 31 baratzeetatik %50a interes taldeentzat gordeko du Udalak, hau da, ezaugarri bereziak dituzten kolektiboentzat, hala nola, langabetuak, DSBE hartzaileak, ezgaituak, ama bakarreko bizikidetza unitateak…; Gainerako lursailak herritarren artean zozkatuko dira, errentaren arabera.  

Nekazaritza jarduera lantzeko ez ezik, ingurumena, ekologia, autokontsumoa edo elikadura osasuntsuaren inguruko heziketa eta sentsibilizazioa garatzeko elkargunea izateko helburu du parke honek, Udalaren esanetan. “Baratze Parkeak norberaren barazkiak autokontsumorako eta era ekologikoan egiteko aukera eskainiko die erabiltzaileei eta kalitatezko aisialdi aktiborako topagune ere bilakatuko da zumaiar guztientzat”.

Ekainaren hasieran herritarrekin bilera eta saio irekiak egingo ditu Udalak baratzeen erabileraren eta lursailak eskuratzeko esleipen eta zozketa prozesuaren nondik-norakoak azaltzeko.

Zumaiakoa, Gipuzkoako Baratze Parke Sarean

Kutxa Ekoguneak 2012an Baratze Parke Sarea proiektua abiatu zuenetik, dagoeneko Gipuzkoako 19 herrik egin dute bat ekimenarekin. Baratze Parke Sareko kideek honako zerbitzuak jasotzeko aukerak dituzte: Baratzezaintza ekologikoaren oinarriak ikastaroa, Sareko Parkeetan zehar dabilen Furgobaratza zerbitzua, baratzeen egoeraren jarraipen txostenak eta ongarriztatze gomendioak, ekitaldi, tailer eta aholkularitza praktikoak eta baita Sareko ekitaldi eta aktibitateen berri ematen duen asteroko boletina eta webgunea.