Helene Alberdi, hirugarren distantzia erdiko Espainiako triatloi txapelketan

Baleike 2018ko mai. 27a, 09:35

Espainiako distantzia erdiko triatloi txapelketa jokatu da asteburu honetan Guadalajaran (Gaztela-Mantxa). Mila kirolari inguruk hartu dute parte bertan, eta Helene Alberdi brontzezko domina eskuratuta itzuli da Zumaiara. 

Eguraldi politarekin jokatu zen atzo txapelketa Guadalajarako probintzian. Igeriketako proban Helene izan zen uretatik ateratzen lehena. Txapelketa irabaziko zuen Anna Noguerari segundo bakarreko aldea atera zion, eta bi minutu eta erdi amaieran bigarren egingo zuen Estefania Gomezi. Txirrindularitza proba, baina, oso gogorra egin zitzaion Alberdiri, eta hortxe galdu zituen txapelketa eskuratzeko aukera guztiak, bai Noguerak, bai Gomezek, aurrea hartu baitzioten. Korrika proban aldeak handitu egin zituzten. 

Emakumezkoetan Anne Noguera izan zen irabazle 4:26:54 denborarekin, bigarren Estefania Gomez (4:42:09) eta hirugarren, brontzezko dominarekin, Helene Alberdi (4:43:01).