Gutuna: Itzurungo piszina aldean egindako obrak direla eta

Aitor Leiza / Natur Taldea 2018ko mai. 26a, 14:09
Bi kanal ireki dizkiote pasabideari.

Piszina aldeko eskaileretara joateko haitzen gainean eginda dagoen porlanezko pasabidean bi kanal ireki ditu Udalak, legea errespetatu gabe.

Itzurungo erabiltzaileek badakite aspalditik usain txarreko ur beltza ateratzen dela tarteka piszina aldeko eskaileretan dauden pitzaduretatik. Udalak dio eskaileretara iristeko pasabide horrek bidea oztopatzen diola urari, putzuak sortzen direla eta putzu horietan algak usteldu eta usain txarra sortzen dela. Baina ez dago ikerketarik hori baieztatzeko. Arazoari ustez konponbidea emateko pasabidean kanal batzuk ireki dituzte, ura pasa dadin.

Obra honek gorabehera batzuk izan ditu eta herriak ezagutu behar dituela uste dugu:

-Zumaiako Udalaren erabaki bat da kanal hauek irekitzea, eta araudiak hautsi ditu. (Babestutako eremuan Aldundiaren baimena behar du eta kasu honetan Kosta Zuzendaritzarena ere bai).
-Ez dute lortu goiko putzuak kentzea eta inoiz ez da konfirmatu usain txarrak nondik datozen. (Kanal gehiago nahi dituzte egin).
-Prozedura administratiboak ez dituzte bete. (Kosta Zuzendaritza txostena egiten ari da eta obrak geldiarazi egin ditu momentuz).
-Aldundiaren baimenik ez dago. (Hau baieztatu dut, txostena irekiko duen ez dakit).
-Puskatzen ari dira marea goian dagoenean oso erabilia den leku hau.

Legeak denok betetzeko dira!!

Aitor Leiza, Zumaiako Natur Taldearen izenean