Hondakinen tasaren lehen hiruhileko kobrantza asteazkenean egingo du Udal Elkarteak

Urola Kostako Udal Elkartea 2018ko mai. 25a, 13:07

Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako etxebizitza eta establezimenduei dagokien hondakinen tasa maiatzaren 30ean kobratuko du Udal Elkarteak. Orain arte Udalek kobratzen zutena Udal Elkarteak kudeatuko du aurrerantzean.

Joan den urtarrilaren 1az geroztik, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako etxeko hondakinak biltzeko zerbitzua Urola Kostako Udal Elkartea ari da kudeatzen oso-osorik, baita hondakinen tasa ere. Beraz, 2018an hondakinen tasa Udal Elkarteak kudeatu eta kobratuko du.

Horrela, datorren asteazkenean, maiatzaren 30ean, 2018ko lehen hiruhilekoari dagokion etxebizitzen eta establezimenduen tasa ordaintzeko epea hasiko da. Udaletxean hondakinen tasa helbideratuta zutenei kontutik kobratuko zaie, zuzenean. Helbideratu gabekoen kasuan, ordainagiria postaz bidaliko da, zergadunek adierazitako helbide fiskalera (ordainagiria jasotzen ez badu, duplikatua eskatu beharko du borondatezko epealdian, bere udaletxean edo Urola Kostako Udal Elkartearen bulegoetan). Industrialdeetako enpresei, berriz, aurrerago kobratuko zaie lehen hiru hilekoari dagokion zatia.

Ordainketa nola egin

Ordainketa egin daiteke era honetara:

  • Helbideratuta: hondakinen zerga helbideratuta zuten herritarrei helbideratze horrekin kobratuko zaie. Helbideratzeko eskaera egiteko edo datuak aldatzeko eskabidea aurkeztu behar da (eredua eskura dago Udal Elkartearen webgunean).
  • Banketxeetan (Kutxabank, Laboral Kutxa, Sabadell): banka mugikorraren bidez, kutxazainetan edo bulegora bertaratuta (ordainagiria aurkeztu behar da).
  • Online, beheko esteka honetan

http://www.urolakosta.eus/eu/web/ingurumena-urolakosta/hondakinen-tasaren-ordainketa

Informazio gehiago hemen.