Joseba Esnal da Arraun Elkarteko presidente berria

Baleike 2018ko mai. 24a, 15:54

Bi urtetarako hartu du kargua, eta berarekin batera beste sei lagunek osatu dute zuzendaritza taldea. Bost izango dira titularrak eta bi ordezkoak. Horietatik bi emakumezkoak dira. Epe motzera bi helburu izango dituzte: gizonezkoen traineruak maila mantentzea, eta datorren urtean emakumezkoena uretaratzea.

Talde bakarra aurkeztu da Zumaiako Arraun Elkarteko zuzendaritza aukeraketarako prozesura, eta ondorioz, Joseba Esnal presidente izango duen taldeak zuzenduko du datozen bi urteetan elkartea. Astelehen arratsaldean egin zuten zuzendaritza aldaketa, eta talde berriak gogoz eta ilusioz hartu du zeregina. “Ardura utzi duen taldeari eskerrak eman nahi dizkiogu. Aurtengo denboraldia bideratuta utzi digute. Neguan, elkarteko talde gazteenek lan ona egiten dute, eta orain, udarari begira, gizonezko trainerurako entrenatzaile berria lortu zuten, eta denboraldia martxa onean hartu dugu”, aipatu du Joseba Esnal, presidente berriak.

Zuzendaritza talde berriak bi erronka nagusi ditu epe motzera: lehena hemendik lau hilabetera, eta bigarrena seira. “Lehenengoa, gizonezko traineruak maila mantentzea izango da, eta hori hemendik lau hilabetetara ikusiko dugu. Bigarrena, berriz, emakumezkoen trainerua uretaratzea izango da. Hemendik sei hilabetera gutxi gorabehera datorren denboraldirako entrenamenduekin hasi beharko da, eta ordurako taldea osatu nahi dugu”, adierazi du Esnalek.

Hiru zutabe nagusi izango ditu zuzendaritza talde berriak: harrobia, konpromisoa eta lana. “Harrobiak izan behar du klub honen filosofia. Jakin behar dugu nondik etorri garen, non gauden eta nora joan nahi dugun. Bide horretan, taldean sortzen den giroa ere garrantzitsua izango da. Oraingoz ona dago, eta konfiantza dugu arraunlariengan. Beraz, emaitzak etorriko dira”, jarraitu du.

KAE 1 maila lehiakorra eta exigentea dela aipatu du Esnalek. Talde oso gaztea dute zumaiarrek -21 urte bataz beste-, baina maila mantentzeko helburua beteko dutela uste du. “Aurreko zuzendaritzak Xabier Zulaika ekarri zuen gizonezko trainerurako entrenatzaile moduan, eta bete-betean asmatu zutela uste dut. Pertsona eta entrenatzaile bikaina izateaz gain, gazteekin lan egiteko eta harremanak sortzeko egokia da”, nabarmendu du.

Ekainaren 16an izango dute ligako lehen estropada Portugaleten. Erlojuaren aurkakoa izango da eta, hurrengo egunean, txanda estropada jokatuko dute Portugaleten bertan. “Orain arte egindako test moduko estropadetan ongi ibili dira. Pixkanaka mutilen hobekuntza ikusi da, eta larunbat honetan ere Ondarroan izango dugu beste estropada bat”, esan du. Ligako Zumaiako estropada uztailaren 7an izango da.

Emakumezkoen trainerua

Lehen aipatu bezala, zuzendaritza berriaren lehenengo helburuetako bat datorren denboraldian emakumezkoen trainerua uretaratzea izango da. Erronka hori hemendik sei hilabetera bete nahi dute. “Udazken-neguan hasten dira hurrengo denboraldirako prestatzen, eta ordurako oinarriak sendotu nahi ditugu”, adierazi du.

Dagoeneko hasi dira lanketan, eta urteetan emakumezkoen entrenatzaile izan den Kike Manterolarengana jo dute. “Gure ustez, emakumezkoen arraun munduan, entrenatzaile aitzindarietako bat izan da Manterola. Erreferentzia. Horregatik, errespetuagatik behintzat, berarengana jo dugu entrenatzaile postua eskaintzera. Ilusioa egin dio, eta taldea osatzen lagunduko digula baieztatu digu. Beraz, ofizialki esan dezaket Manterola izango dela berriro ere emakumezkoen entrenatzailea”, aitortu du. Uretaratzea lortuta, helburu batzuk jarri eta pixkanaka hazten joatea izango da hurrengo pausoa. “Harrokeriarik gabe lan egitea da asmoa. Gure maila eman, eta pixkanaka etorriko dira emaitzak”.

Esperientzia

Esnalentzat ez da berria presidente lana. Aurrez, 10 urtez, Zumaiako futbol taldean egon zen. “Esperientzia hori baliagarria izango zait, baina egia esan kirol erabat ezberdinak dira, eta lan egiteko modua ere bai”, aipatu du. “Nik gauza bat dut argi eta da ofizinan baino arraunlariekin batera egongo naizela lanean. Kontu administratiboak baino, harreman zuzenak gehiago gustatzen zaizkit”, jarraitu du.

Batzuei agian harridura sortuko die Esnalen inkorporazioak Arraun Elkartera, baina betidanik gustatu izan zaion kirola dela azpimarratu du. “Aitortu behar dut ez dudala inoiz arraun egin, baina zaletasuna betidanik izan dut. Oraindik gogoan ditut gurasoekin eta koadrilan estropadak ikustera joaten ginen egunak”, esan du.

Horretaz gain, zuzendaritza taldea osatzen duten lagunek aurretik esperientzia dute arraun munduan, eta hori “positibotzat” jo du.