Egurrezko plataforma baten eraikuntzarekin hasi dira Algorriko eremua egokitzeko lanak

Baleike 2018ko mai. 22a, 12:27

Duela aste bete hasi ziren Algorriko eremua egokitzeko lanak, eta lehendabiziko zeregina K/T mugaren behatokian egurrezko plataforma bat eraikitzen hastea izan da. Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoak adierazi du lanak bukatu arte itxaron egin beharko dela emaitza ikusteko. “Uste baino inpaktu gutxiago izango du ingurunean, izan ere, plataformaren inguruan bertako lurrarekin egingo den harresi bat eraikiko da. Jarraian, bertako landaredia landatuko da”, nabarmendu du.

Pasa den astean hasi ziren Algorriko eremua egokitzeko lanak. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zumaiako Udalak hartu dute lan horien egikaritza eta hilabete inguru iraungo dute. Lan horiek bi helburu jakin dituzte. Alde batetik higadura ekiditea, eta beste aldetik ibiltarien segurtasuna bermatzea. Asier Hilario Geoparkeko zuzendariak kontatu duenez, Algorriko eremuko higadura oso itxura eskasean aurkitzen da, eta ubideak daude. “Ahalik eta interbentzio txikiena eta naturalena egitea da asmoa. Lan horiek gainera, ibiltarien segurtasuna bermatzea dute helburu”, azpimarratu du.

Lanek San Telmo ermitatik Algorrira arteko eremua hartzen dute, eta lehenengo pausoa K/T mugaren behatokian egurrezko plataforma bat eraikitzen hastea izan da. Horretarako, lehendabizi, inguruko lurra kendu dute. “Plataforma haitzari ongi lotzeko lurra kendu dute”, adierazi du Hilariok. Momentu honetan egurrezko xaflak jartzen ari dira. Bestalde, obra egiten ari den enpresako ordezkariak jakinarazi duenez, “tratatuta dagoen egurra da, kalitate onekoa eta inguruarekin bat datorrena”. Bere iritziz, ez da aldaketa esanguratsurik egingo paisaian eta modu jasangarrian ari dira lanean. “Eskuz ari gara, eta oinarrizko tresnak erabiltzen”, nabarmendu du.

Egurrezko plataformaren inguruan, bertako lurrarekin egindako harresi  bat eraikiko da ondoren. “Segurtasuna izateko neurri bat da”, gaineratu du enpresako ordezkariak. Hilariok esplikatu du nola izango den:“Errazena egurrezko harresi bat jartzea izango zen, baina horrek inpaktu handia du ingurunean, eta beraz, lurrarekin egindakoaren aldeko apustua egin da. Metro erdi izango du altueran, eta bertako landaredia landatuko da. Beraz, plataformaren ertzak ez dira ikusiko”. “Hau guztia ahalik eta era naturalenean egingo da. Momentu honetan ez dauka itxura onik, obran daude, baina herritarrei pazientzia eskatuko nien. Emaitza lanak bukatzean ikusiko da, beraz itxaron egin behar da. Aipatu nahi dut baita ere, azken emaitza landaredia indartzean ikusiko dela”, jarraitu du.

Plataformaren lanak bukatzean, San Telmo aldera jarraituko dute egokitzapenek. Besteak beste, egurrezko hesolak jarri,  bidexka berriak itxi eta lur buztintsuak garbituko dira. Lanak hilabete inguru iraungo dute, beti ere eguraldiaren baldintzapean.