Moilaberriko estazioa erosi nahi du Udalak, bertan turismo bulegoa jartzeko

Baleike 2018ko mai. 21a, 16:11

Eraikina Eusko Jaurlaritzarena da eta begi onez hartu du Zumaiako Udalaren proposamena. Turismo bulegoa eta Algorri Interpretazio Zentroko erakusketa berritua jarri nahi ditu Udalak eraikinean. 

Moilaberriko estazioaren eraikina erosteko beste ahalegin bat egiten ari da Zumaiako Udala, eta badirudi oraingoa bide onetik doala. Duela hamar bat urte ere izan zen erosteko zorian. Orduan, akordioa lortu zuen Jaurlaritzako Ogasun Sailarekin, baina Portuetako Sailak aztera bota zuen, beretzat behar zuela argudiatuta. Urte hauetan guztietan, ordea, ez da ezertarako erabili eta eraikina hondatzen hasita dago.

Udalak gaur jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak ondo hartu du proposamen berria. Turismo bulegoa eta Algorri Interpretazio Zentroko erakusketa jarri nahi ditu bertan, bisitariei zerbitzu hobea eskaini ahal izateko. Algorri Interpretazio Zentroan ikastetxeekin lanean jarraitzea da asmoa, baina bisitariei zuzendutako erakusketa egokiago ikusten dute turismo bulegoaren eraikin berean. Udalak arrazoitu duenez, Moilaberriko eraikinak kokapen hobea du, eta Algorriko erakusketa erabat uztartzen da turismo bulegotik egiten den eskaintzarekin.

Horrez gain, Zumaiako eraikin historiko bat eskuratzea, zaharberritzea eta erabilera bat ematea garrantzitsutzat jo du Udalak. 

Udalak ez du jakinarazi eraikinagatik zenbat ordainduko duen eta epeak zehaztuta ote dauden.