M11ko gazteei elkartasuna adierazteko kontzentrazioa egin dute

Baleike 2018ko mai. 18a, 21:15

Iparra eta Gazte Abertzaleak gazte mugimenduek deituta, 2017ko martxoan Iruñean atxilotuak izan ziren hiru oreretar eta Beasaingo gazte bati elkartasuna adierazteko kontzentrazioa egin da Erribera kalean, magnolio aurrean. 

Epaiketa politikoen gainetik, gazteri borrokalaria leloa zeraman pankarta baten atzean jarri dira gazte hauek. 15 minutu inguruan elkarretaratu dira, eta, amaieran, auziperatuen babes plataformek prestatutako idatzia irakurri dute. 

Hemen duzue idatzia:

"2017. urtearen hasieran Errepresioari Autodefentsa jardunaldiak antolatu ziren Euskal Herrian, errepresio politikoaren aurrean antolatzeko sortu zen beharretik. Martxoaren 11an Iruñean egin zen manifestazio batekin eman zitzaien amaiera. Polizia eta manifestarien artean liskarrak izanaren aitzakiarekin Polizia Nazionalaren atzaparrek Oreretako 4 gazte eraman zituzten. Adin nagusikoei terrorismoa leporatu zitzaien eta espetxera sartu ziren. Hortik aurrera, asko izan ziren gure kideak kriminalizatu zituztenak, errepresioa justifikatu nahi izan  zutenak edo honen aurrean bakarrik utzi gintuztenak. Orduan altxatu ginen gu, kapitalismoaren aurkako borrokaren zuzentasunak eta espetxeratutako kideen hitzak ematen zigun legitimotasunarekin. Oztopo guztien gainetik antolatzen jarraitu ginen, klase borrokak jarraitu bitartean, langileriak esplotazioa, miseria, gosea, langabezia… sufritu bitartean borrokan jarraituko dugula eta zapalduak izaten jarraituko dugula aldarrikatuz.

8 hilabeteko borrokaren ostean, azaroan Oreretako 3 gazteen askatasuna lortu genuen eta gure artean izan genituen berriro ere. Momentu hartan, inoiz baino ozenago oihukatu genuen: Borrokak ez du etenik, absoluzioa! 2018ko urtarrilean eskaera fiskala iritsi zen : 7 urte. Orain izan dezakegun borroka garrantzitsuenari ekiteko momentua heldu zaigu: epaiketa, Maiatzak 21-23 izango da, Madrilgo Auzitegi Nazionalean.

Honen aurrean, elkartasunera deia egiten dugu, epaiketa politikoen gainetik gazteri borrakalari izango garela aldarrikatu eta Oreretako hiru gazteen eta Beasaingo laugarren gaztearen absoluzioagatik borrokatzeko. Denbora luzez berriro ere gugandik urrundu eta borrokatzeagatik zigortuak izateko arriskuan daude.

Horregatik, kalea kanpaña honetarako egin ditugun kartel eta muralez bete behar dugu, honek suposatuko duen gastu ekonomikoa txikitzeko ekintzak antolatu, epaiketaren aurreko astean txoko guztietan elkarretaratzeak deituko ditugu eta bukatzeko herri ezberdinetan kontzentrazioak eginez terroristak ez direla eta kalean nahi ditugula oihukatuko dugu. Azkenik, epaiketa egunean bakarrik ez daudela erakutsiko diegu eta gu ere Auzitegi Nazionalean izango gara, gure borroka epaitzeko nahikoa epaile ez dituztela erakutsiz.

 

EPAIKETA POLITIKOEN GAINETIK GAZTERI BORROKALARIA!"