M8an feministek jasotako isunaren inguruan EH Bilduk aurkeztutako proposamena onartu du bilkurak

Baleike 2018ko mai. 18a, 14:23

Martxoaren 8an egindako mobilizazioengatik isuna jaso izana salatu zuen pasa den ostiralean Zumaiako Mugimendu Feministak. Gaia atzo egindako ez ohiko bilkurara eraman zuen EH Bilduk proposamen baten bidez. Besteak beste, isuna indargabetzeko dagozkion izapideak egitea eskatzen zitzaion Udalari. 

Urduritasuna izan zen bilkuraren hasieran proposamen hau zela eta. Bertan eskatzen zitzaion Udalari Hiritar Segurtasunaren Babeserako Lege Organikoaren (Mozal legea bezala ezagutzen dena) aurka agertzeko. Proposamena plenora eraman zuten EH Bildiko zinegotziek gogoratu zuten Legebiltzarra lege honen aurka agertu zela, besteak beste, PSE-EEren botoekin. Baina, Arritxu Marañon zinegotzi sozialistak Legebiltzarreko erabaki horren berri ematen zuen dokumentua behar zuen bere bozka emateko. Mugimendu Feministako kideei esan zien inolaz ere ez zuela aurka egingo, baina baiezkoa emateko dokumentu hori beharko zuela, bestela abstenitu egingo zela. Azkenean gai izan ziren dokumentu hori aurkitzeko eta, horrela, plenoari hasiera emateko. 

Hiru puntu jasotzen ditu proposamenak:

-Bat egiten dugu mugimendu feministaren helburu, aldarrikapen eta jardunarekin.

-Herritarron askatasunak mugatu eta herritar zein mugimenduen protestak kriminalizatzen dituen eta demokraziaren murrizketa suposatzen duen 2015/4 martxoaren 30eko Hiritar Segurtasunaren Babeserako Lege Organikoa legearen aurka kokatzen gara.

-Zentzu horretan:

  • Isuna indargabetzeko dagozkion eskaera zein izapideak egiteko konpromisoa hartzen dugu.
  • Aurrerantzean Zumaian 2015/4 martxoaren 30eko Hiritar Segurtasunaren Babeserako Lege Organikoa oinarri hartuta inolako isunik jarri ez dadin beharrezko neurriak hartuko ditugu. 

PSE-EE alde, EAJ abstenitu

Arritxu Marañon zinegotzia izan zen lehena hitza hartzen eta bere baiezko botoa aurreratu zuen. Alderdi Sozialista mugimendu feministarekin "guztiz ados" dagoela gogoratu zuen. Aipatu zuen, baita ere, Legebiltzarreko akordio bat dagoela, "gehiengo batek Mozal legearen aurka egiten duena, pertsonen eskubideen kontra doanean". Martxoaren 8an Mozal legea aplikatu zela nabarmendu zuen, eta, bere alderdia lege honen aurka dagoela esan ondoren, kentzea eskatu zuen. 

Oier Korta alkateak esan zuen zalantzak izan zituztela alderdian proposamen honekin. "Lege honen aurka gaude eta indargabetzea eskatzen dugu. Martxoaren 8an gertatutakoaren arabera lege bat aplikatzen da, eta lege horren aurka gaude, herritarren eskubideen aurka egiten duelako. Isuna jaso duen pertsona horri eskubideak urratu zaizkio".

Jarraian idatzi bat irakurri zuen. Bertan aipatzen da martxoak 8ko mobilizazio horien artean errepidea itxi zela, "herriaren eta herritarren ohiko funtzionamenduan dakartzan ondorio guztiekin". Idatziak jarraitzen du esaten "hain zuzen aurreikusitako plangintzatik kanpo zegoen ekintza hori, errepideen oztopatze hori, alegia, da, kasu honetan, mozal legeak isundu duena eta ez martxoaren 8an berdintasunaren alde herrian egin ziren aldarrikapen edota ekintzak". Mozal legearen aurka daudela azpimarratu ondoren, gogoratzen du idatziak "mozal legerik ez balego ere, beste edozein legek isunduko luke ekintza hori, ezin baita, inolako abisu edota baimenik gabe, herriko errepide nagusia itxi". Jarraian, EAJ abstenitu egingo zela aurreratu zuen. (Amaieran duzue idatzia bere osotasunean)

"Legeak ez daude gatazkak sortzeko"

Zumaiako Mugimendu Feministako kide Maddi Altunak hartu zuen jarraian hitza eta EAJren posizioa kritikatu zuen "Aldarrikapenaren alde gaude, baina ez nola izan zen diozue. Posizio hori ez zait egokia iruditzen berdintasunaren alde gaudela esaten badugu". Mozal legea aplikatu izana, eta lege bera existitzea ere salatu zuen. "Mozal legea aplikatu ez balitz beste bat erabiliko zela diozue. Legeak ez daude gatazkak sortzeko, eta lege honek gatazkak sortzen ditu. Egun horretan emakume asko bildu ginen. Hor ez dago gatazkarik, baina legeak gatazka sortu du". Udaltzaingoa ere kritikatu zuen Altunak. "Badakigu Ertzaintzak ezarri duela isuna, baina Udaltzaingoak zer ikusia izan zuen".

Oier Kortak erantzun zion esanaz Udaltzaingoak azalpenak eman zizkiela alderdiei. Ekintza edo gertaeraren bat dagoenean Ertzainetxera "beti" txosten bat bidaltzen duela gogoratu zuen. "Han zabaldu zuten espedientea". 

Mozioa EH Bildu (5) eta PSE-EEren (1) aldeko botoekin onartu zen. EAJ-PNV abstenitu egin zen. 

Zumaiako Mugimendu Feminista (2) by baleike on Scribd

Mozal legearen proposamena: EAJ-ren erantzuna by baleike on Scribd