Hamar ontzi eramango ditu Beduolak Pasaiako Itsas Jaialdira

Baleike 2018ko mai. 15a, 16:40
Beduolako kideak pasa den ostiralean

Bihar hasi eta igandera bitartean Itsas jaialdia ospatuko da Pasaian. Itsas ondarearen inguruko erreferente izateko asmoa duen ekimena da hau. Kontzertuak izango dira, erakusketak, eta, nola ez, ontzi tradizional ugari ikusteko aukera, bai Euskal Herritik inguratutakoak, eta baita Europako herrialde batzuetatik espresuki etorritakoak.

Zumaiako Beduola ontzi tradizionalen elkarteak parte hartuko du jaialdi honetan. Hamar ontzirekin hartuko du parte: ‘Mammy’, ‘Mowgli’ eta ‘Andrea’ motordunak, belaz edo arraunez higiarazten diren ‘Ramontxu’, ‘Ilunabar’, ‘Ur’, ‘Magallanes’ eta ‘Kresala’, eta Pasai Donibane sarreran kokatuko den erakusketara eramango dituzten txanela eta ‘Proes’. Txanela hau Zumaiako Zumaiako Institutuan berritu zuten 2016-2017 ikasturtean. ‘Proes’, berriz, Beduako ontzioletan egin zen azken motorra izan zen, eta orain gutxi berritu dute Beduolako kideek.

Egurrezko  ontzi tradizional hauek orain hamar egun uretaratu zituzten berriro ere negua lokalean gordeta egon ondoren. Ezaugarrien eta tamainaren arabera, Pasaiako badiako leku desberdinetan izango dira lotuta.

Ontzi hauekin batera, itsas motor bat ere eramango dute Pasaiara, aspalditik desagertuta dagoen Beal (Betondo-Albizu) enpresan egindakoa, hain zuzen ere. Elkartearen inguruko informazioa eta materiala ere eramango dute Pasaiara.

Erlazionatuak