Madalena Artetxe Arrieta itziartarrak 100 urte bete ditu

Itziarko Auzo Udala 2018ko mai. 14a, 10:30

Zubeltzu Zahar baserrian bizi den Madalena Artetxe Arrieta emakumeak, pasa den apirilaren 30ean ehun urte bete zituen. 1918 urtean jaioa, Itziarko Mardari auzoan dagoen Zubeltzu Zahar baserrian bizi da gaur egun. Mende oso bat bete duen honetan, osasunez ondo eta burua argi duela esan genezake.

Arroa Goian dagoen Matraka baserrian jaio zen, hamar anai-arreba zituen familian. Gaztetan Zestoan aritu zen neskame, eta bertan ezagutu zuen erromeria batean Anastasio Martija bere senarra izango zena, horrela ezkondu zen Zubeltzu Zahar baserrira. Sei seme alaba izan zituen, hiru mutil eta hiru neska, eta gaur egun bederatzi iloba eta bost birbiloba ditu.

Ehun urte bete zituen eguna famili osoarekin bazkaria eginez ospatu zuen, eta apaiza ere etorri zitzaion etxera meza eskaintzera Itziarko eliztarren laguntzaz.

Halako bizitza luzearren merezimenduzko ohorez, Itziarko Auzo Udalaren omenaldia ere jaso du Madalena Artetxek, eta Zigor Aizpurua auzo alkatea hurbildu zaio bisitan, hizketaldi atsegin baten aitzakian eta lore txorta bat eskainiaz, ondoko irudian ageri den bezala.

Hainbat aldaketa bizi izan ditu Madalenak urte guzti hauetan. Gogoan ditu aspaldiko garaiak, nola bizi izan zuen gerra zibila Zestoan neskame zelarik, edota, geroago, behin Mardarira etorrita egunero Debara behorrarekin esnea eta arrautzak eramaten zituenekoak. Seme zaharrenak soldaduzkan karneta atera ondoren ezagutu omen zuen etxean lehenego kotxea, bizipen interesgarri ugari kontatu dizkigu. Gaur egunean, bizimodua erreztuta dagoela aitortzen du, garai bateko nekeak eta lan eskergak gogoratuaz.

Zorion eta eskumin beroenak Madalena!