"Zubiaundia mota honetako zubien artean Europan zutik mantentzen den bakarrenetakoa da"

Baleike 2018ko mai. 10a, 14:35
Argazkia: Sara Utrera

Industria-ondarean zaintzearen eta babestearen inguruan Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroak antolatu dituen hiru hitzaldietatik lehena egin zen atzo Alondegiko Oxford aretoan. Joaquin Carcamo aparejadore jubilatua Zubiaundiaz hizketan aritu zen. Bere esanetan, mota honetako zubien artean Europa mailan zutik mantentzen den bakarrenetakoa da.

Auguste Lecocq belgiarrak egin zuen zubi hau 1880ko hamarkadan, eta ingeniaria Jose de Echeverria izan zen. Garai bateko zubitxikiaren egileak ere beraiek izan zirela gogoratu zuen hizlariak. Zubi hauek bazuten berezitasun bat eta zen haridun pilareak erabili zituztela. “Pilare hauek helize moduak zituzten muturrean eta behin sartuz gero oso zaila izaten zen ateratzea”. Estilo horretan XIX. mendean egindako zubien irudiak erakutsi zituen. Andaluzian, Katalunian, Galizian, Asturiasen edota Errioxan egin zituzten halako zubiak. Tamalez, apenas geratzen diren haien arrastorik.

Zubiaundiaren kasuan, pilareak lurraren arrasera arte sartu zituztela azaldu zuen. “Haren gainean metalezko estruktura bat sortu zuten, eta gainean joan zen taula. Itsas mareak zirela-eta, eta behar adina margotu ez zutelako, azpiegitura kaltetzen joan zen, eta hormigoiarekin estali zuten 1924an. Gure gurasoek hormigoizko oinarri batzuekin ezagutuko zuten, baina, hasiera batean, metalezkoa zuen”.

Zubiak 121 metroko luzera duela adierazi zuen. “7,5 metroko zabalera zuen. 4,9 galtzada zuen, eta ertzetan bi azera. 1884an hasi zituzten lanak eta urtebete beranduago, 1885an, zubia amaituta zegoen. Gauza da, baina, zubi gainetik joan behar zuen errepidea ez zegoela amaituta eta lanak enkargatu zituen Diputazioak ez zuela zubia hartatu nahi izan. 1886an Echeverria ingeniaria hil zen, eta 1887ra arte ez zuen Diputazioak zubia hartatu”. Geratzen diren dokumentu urrien arabera (dokumentu hauek gordetzen zituen artxibategia, Tolosakoa, 1885an izandako sute batean kiskali zen), zubiak gris argi kolorea zuen hasiera batean.

1970eko erdialdera egin zuten zubi berria, paraleloan Urola ibaia zeharkatzen duen zubia. Hainbat urtez utzita egon ondoren, iazko mende amaieran oinezko bihurtu zuten Zubiaundia. Gaur egun nahiko zaharkituta eta herdoilak janda dago. Berritu ahal  izateko azterketa tekniko bat enkargatuta dagoela ere eman zuten jakitera. Hasierako barandaren zatiak txatartegian aurkitu zituztela aipatu zuen Carcamok. “Egunen batean hasierako baranda mota berreskuratu nahi bada, horietatik modeloak atera daitezke”.

Mundu mailan pilare mota honekin egindako zubi gutxi geratzen direla nabarmendu zuen Carcamok. “Zumaiako zubi honek 133 urte ditu eta mota honetako zubien artean Espainian geratzen den bakarra da, eta Europako bakarrenetakoa. Mundu osoan daude abandonatuta, eta galtzen ari dira”.