Aro berri bat hasi du Baleikek, itxuraz eta mamiz berritutako aldizkariarekin

Baleike 2018ko mai. 9a, 21:12

Datorren urtean beteko dira 25 urte Baleike aldizkariaren lehen zenbakia atera genuenetik. Ordutik aldaketa asko izan ditu aldizkariak, bai itxura aldetik, eta baita eduki aldetik ere. Azken aldaketa handia 2007ko otsailan izan zuen, kolorea sartu genuean. Orain astindu galanta eman diogu, eta itxura, egitura eta eduki berriak ditu maiatzeko zenbakiak. 

Itxurari dagokionez, tamaina aldetik aurrekoa baino zertxobait txikiagoa da. Orri kopurua, ordea, handiagoa du: 32 orrialde izatetik, 48 orrialde izatera pasa da. Edukian eta ataletan aldaketa nabarmena da. Erreportajeak, erretratuak eta elkarrizketak mantenduko ditugu, bai, baina garrantzia handiagoa emango diogu, adibidez, iritziari. Aldizkariak atal finko batzuk ere izango ditu: osasuna, heziketa, zientzia eta ingurumena, herriaren historia, kultura, haurrentzako denborapasak eta abar luze bat. 

Baleikeko bazkideek aldizkari berritua jada beraien postontzietan jaso dute. Aldizkariarekin batera, haurrentzako jolasen gehigarria ere eskuratu dute. Hori da Baleikeko bazkide izateagatik duten abantailetako bat. Bestalde, Baleike Kluba ere abian jarri dugu berriro. Bazkide izateagatik hainbat deskontu eta abantaila izango dituzte herriko taberna, jatetxe eta establezimenduetan. Eskaintza hau hilero handitzea eta berritzea da gure asmoa.

Zenbaki berezia da hau eta, horregatik, doan banatuko dugu herriko hainbat saltoki eta eraikinetan. Honako tokietan izango duzue maiatzeko zenbakia doan: Amaiako plazako Ogi Berrin, BM supermerkatuan, Mandalan, Arkupen, Agurtzane kafetegian, Otañon, Aizpurua liburu-dendan, Brakysen eta Otezuriko kafetegian. Hauez gain, honako lekuetan ere izango duzue eskura: A3, Liburutegian, anbulatorioan, turismo bulegoan, udaletxean, kiroldegian, Brankan, gaztegunean, hogarrean eta Algorri interpretazio zentroan. 

Baleikeko bazkide egiteko:

Webgunean, formulario hau beteta: baleike.eus/baleikekluba/bazkidetza

Posta elektronikoz: administrazioa@baleike.eus 

Telefonoz: 943861545