Alkizako Ur mara museoa bisitatzeko familia irteera antolatu du Ludotekak

Baleike 2018ko mai. 9a, 14:03
Argazkia: Kulturweb

Maiatzaren 20an, igandean, urteko azken familia irteera egingo du Zumaiako ludotekak. Oraingoan Alkizako Ur mara museora joango dira. Plazak mugatuak dira, eta interesdunek maiatzaren 14ra arte izango dute izena emateko aukera Ludotekan bertan.

Taldea goizeko 10:00etan abiatuko da Ludotekatik eta itzulera 17:30ak aldera izango dela aurreikusten da. Irteeran parte hartzeko haurrek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta helduek, aldiz, 20 euro. Diru horretan garraioa eta bazkaria barne daude.

Koldobika Jauregiren museoa da Ur mara; aire librean kokatuta dago eta natura, artea eta etnografia lantzen ditu. Museoaren izenak ‘ur lasaia’ esan nahi du eta 11 hektareako malda lasai batean dago, haritz, pago, lizar eta garo artean. Bertan, paperaren istorioa, paper motak, eskultura guneak, prozesuak, industrializazio aurreko lanbideak, ikatza, karea, barrenatzaileak, pago motzak eta naturarekiko harremana ikusi eta landu ahal izango dira, besteak beste.

Horrez gain, ‘Sortzaileen txokoa’ deituriko tailerra ere egingo da, non, haurren adinari egokitutako arte ekintza bat egingo den.

Informazio gehiagorako idatzi ludoteka@zumaia.eus helbidera edo deitu 943 14 32 64 telefonora.