ETAren desegitea (erreakzioak)

Juanjo Alvarez: "Bake prozesua herritarron esku gelditu da orain"

Baleike 2018ko mai. 4a, 21:03
Juanjo Alvarez.

Juanjo Alvarez katedradunak albiste "ontzat" jo du ETAren desegitea, baina ausardia gehiago bota du faltan bere azken agirian. Aurrera begira, iraganeko tabuak atzean utzi eta abertzaleen arteko akordioak nahiko lituzte nazio eraikuntzan aurrera egiteko, inor baztertu gabe. 

Nola baloratzen dituzu gaurko eguna, ETAren azken agiria?
Objektiboki, albiste ona da ETAk bere zikloaren amaiera iragartzea, ETA desagertzea euskal herritar gehienen gogoa zelako; azken agiriko testuan erabilitako idazkeraz, ziurrenik ekidiezina izan da, baina ausardia gehiago nahiko nukeen, zintzoki onartzea nazioaren eraikuntza ezin dela inoiz oinarritu indarkeriaren erabileran, baizik eta indar metaketan eta gizarteko adostasun zabalean.

Aurrera begira zer espero dezakegu?
Lehenik eta behin, bidegabekeriaz indarrean egon diren salbuespenezko zigor eta espetxe legediari eusteko premisa bertan behera gelditu da; bigarrenik, bake prozesuaz ezagutzen duguna gure esku gelditu da orain, herritarron esku: elkarrekin bizitzeko gai izan behar dugu, aniztasunean bat eginik, gure egitasmo sozial eta politikoak defenditu politika eginez eta soilik politika eginez. Eta, oraindik goiz den arren, iraganeko tabu zaharrak gainditu behar ditugu, abertzaleen arteko akordioetan aurrera egin, inor baztertu gabe baina, aldi berean, gure izaera anitza eta naziotzat errekonozitua izateko daukagun gogoa indartzeko.