Haurren sexualitate garapenaren inguruko hitzaldia, bihar, Alondegian

Baleike 2018ko mai. 2a, 13:45

Bihar, maiatzak 3, arratsaldeko 18:00etan M&J Ikastetxeak antolatuta eta Udalaren babesarekin, Gure haurren sexualitate garapenaren bidelagun hitzaldia emango du Alondegian, Olatz Berastegi sexologoa eta psikoterapeutak. Hitzaldia euskaraz izango da.

Hitzaldiaren inguruko hitz hauek eman dituzte antolatzaileek:

Jaiotzen garen une beretik, izaki sexudunak gara gizaki guztiak. Sexualitatea ez da nerabetasun garaian bat-batean azaleratzen den ezaugarri huts bat: sexualitatea gizakion berezko ezaugarria da, bizitzaren lehenbiziko hilabeteetatik hasita. Hori hala izanik, funtsezkoa da garapenaren fase desberdinetan sexualitateak ze nolako ezaugarriak dituen jakitea. Etxeko txikienek ere badituzte beren beharrak eta bizipenak arlo honetan, eta haiek ezagutzea funtsezko tresna izango da gurasoentzat, etxean ere sexualitatea modu natural eta osasungarrian bizi ahal izateko. Beharrezkoa da txikitatik gai honek duen garrantziaz ohartzea, gure haurrek etorkizunean sexualitateaz positiboki eta errespetuz goza dezaten.