Maiatzaren 1erako manifestazioa deitu dute herriko hainbat eragilek

Baleike 2018ko api. 28a, 11:00

Maiatzaren 1ean manifestazio bateratua (19:00etan) egiteko deia egin dute Zumaiako hainbat eragilek. Manifestazioaz gain, maiatzaren 1aren inguruko irakurketa bateratua kaleratu dute. 

Hauek dira manifestazioaren deitzaileak: Gazte Blokea, pentsiodunen mugimendua, Zumaiako Mugimendu Feminista, Astillero Balenciagako langileak, Malen Etxea eta Ikasle Abertzaleak. Hau da adostu duten testua: 

Maiatzak 1eko irakurketa

1886an, Estatu Batuetako Chicago hirian, maiatzaren 1ean hasitako greba masibo baten ostean 8 langile anarkistaren aurkako epaiketa gertatu zen. Haietako hiru espetxe zigorrera kondenatu eta bost langileri heriotza zigorra ezarri zieten. Ordutik, Maiatzaren Lehena langile borrokaren eguna izan da, langileak batu eta beste jendarte bat posible dela aldarrikatzeko eguna. Egun, ordea, klase elkartasunaren erakusleiho behar lukeen eguna hein handi batean jai egun soil bilakatu dela esan dezakegu.

Hamar urte igaro dira 2008ko krisi kapitalista hasi zenetik, eta ordutik, lehendik ere eskasak ziren bizi baldintzak okertu besterik ez dira egin. Bitartean, gure kontura aberasten ari direnak patronala eta burgesiaren pribilegioak dira. Urteak dira ustez “krisitik ateratzen” ari garela, baina egunero ikusten dugu ekonomia kapitalistak gero eta bazterketa, desberdintasun eta injustizia handiagoa sortzen duela. Lanaz ari garenean, enpleguaz haragoko lanaz ere ari gara. Lan guztiak balioetsi behar ditugu, ikusezinenak ere bai, horiek baitira ekonomiaren egitura osoa eusten dutenak. Gutako bakoitzak, guztiok, bizitza duina izan dezagun.

Zentzu horretan, alde batetik, ordaindutako lanaren egoerak (langabezia eta lanen prekarizazioa) eta bestetik, zaintzarako denbora eta lanei dagokienez emakumeon gainean dagoen injustizia sakonak, argi erakusten dute guretzat oinarrizkoa den gatazka: kapitala bizitzaren aurka (kapitala pilatzeko helburua) alde batetik, eta bizitza zaintzeko helburua, bestetik.

Testuinguru eta hausnarketa horretatik abiatuta, Maiatzaren Lehenari dagokion garrantzia emateko eta langile klasearen aldarrikapenei zor zaien indarra emateko, Zumaiako Gaztetxean biltzen den Gazte Blokeak proposamena luzatu nahi izan die Maiatzaren Lehena sistema kapitalistak zapaltzen gaituen guztion aldarrikapen egun bihurtu dezagun. Guztion borrokak saretu eta indar erakustaldia bihurtzea da asmoa, beraz. Herrian bertan ikus dezakegu azken urte eta hilabeteotan zapalkuntza guzti horien aurkako aldarrikapenak indarra hartzen ari direla.

  • Hilabeteak dira Zumaiako Udalaren aurrean pentsionisten elkarretaratzeak egiten direla. Bizi kostea nabarmen igotzen den bitartean pentsioen zenbatekoa bosgarren urtez jarraian %0,25 baino ez dela igo salatzeko.

  • Hezkuntza komunitatea ere gogor ari da borrokan. Pasa den martxoak 21ean hezkuntza ertaineko ikasleek egindako azken greba zein hezkuntza arloko langileen grebak horren erakusle dira. Hezkuntzaren edozein zantzu publiko ezabatu eta merkatuaren esanetara jarri nahi duten etengabeko erreforma neoliberalen (Bologna Plana, LOMCE, EU2020, Heziberri...) eta murrizketen aurka ari dira borrokan.

  • Martxoaren 8an mugimendu feministak egindako indar erakustaldia izugarria izan zen, mundu mailan zein herrietan. Zumaian bertan aspaldiko manifestaldi handiena egin zen. Emakumeok kapitalismo patriarkalak bi aldiz zapaltzen gaitu. Feminismoak langile borrokari egindako ekarpen nabarmenena izan da seguraski zapalkuntza anitzen planteamendua, emakumeon zapalkuntzaz harago, migranteen zein bestelako kolektiboen aldarrikapenak erdigunera ekarriz. Indarkeria matxistaren egunerokotasun tamalgarriaren aurrean ere Mugimendu Feminista antolatuta dagoela ikusi dugu.

  • Kapitalismoak bere eragin esparrua munduko txoko guztietara zabaldu du, beraz, enpresak lan esku merkeko lurraldeetara mugi daitezke edozein momentutan. Urola bailaran azken urteetan itxi diren enpresak honen adibide garbia baino ez dira, azken adibide gisa Zumaiako XEY altzari enpresa. Halaber, Astilleros Balenciagako langileek ere euren soldatak KPIrekin batera igotzeko eta hitzarmena berritu dezaten eskatzeko hilabeteak igaro dituzte lanean. Borrokak balio duela erakutsi digute. Langile borrokaz lortuko dugu!

  • Ezinbestean zaintza-eremuan lan egiten duten emakume migranteen problematika aipatu behar dugu. Zentzu horretan, Malen Etxeako lagunen lana izugarria izaten ari da, orain artean ikusezinak izan diren lanak, eta gutako bakoitzaren etxe barruraino iristen diren

gatazkak azaleratzeko egiten ari direna oso kontutan hartu behar dugu, langile klasearen baitan ere egon badauden botere harremanetan azpimarra egiten duten heinean.

Gertuko adibideak aipatu ditugu, azken hilabeteotan ikusgarrienak izan direnak. Baina jakin badakigu kapitalismo patriarkalak sektore ugari zapaltzen dituela. Gutako bakoitzak kolektibo jakineko kide izateagatik jasaten dituen zapalkuntza konkretuak inoiz ahaztu gabe, eta beti gure artean dauden botere harremanak kontutan hartuta, kapitalismo patriarkalaren jo-puntuan gaude guztiok. Gu gara langile klasea. Horregatik, borroka eta aldarrikapen guzti hauek batu, saretu eta langileok boteretzen hasteko garaia da, klase elkartasuna berreraiki eta langile boterea sortzeko. Guztiok bizitza duina izan dezagun.

Maiatzaren 1ean, asteartea, arratsaldeko 19.00etan Martxoak Zortzi Plazatik abiatuko den manifestaziora batzeko deia luzatzen dugu kolektibo eta mugimendu guztiok, mobilizazio honen antolaketan zein egunean bertan era aktiboan ekarpena egiteko gonbitearekin batera.

BIZITZA DUINA GUZTIONTZAT! Borrokak uztartuz, langile boterea eraiki!