“Ez dugu beste negurik pasa nahi lokalik gabe”

Baleike 2018ko api. 26a, 18:26

0-6 urte bitarteko haur eta gurasoentzat lokal baten beharra adierazteko lau gutun argitaratu zituzten martxoa amaieran Txiribuelta elkarteko kideek. Horren ondoren, sinadura bilketa egin zuten pasa den astean, eta asteburu honetan ere, berriro jarriko dira Erribera kalean.

“Aurreko astean abiatu genuen sinadura bilketa, eta balorazioa egin ondoren, asteburu honetan ere postua jartzea pentsatu dugu”, adierazi du Aratz Zearretak. Kanpainaren lehen zati horretan 750 sinadura pasatxo lortu dituzte eta gustura azaldu dira emaitzarekin. Hori dela eta, asteburuan berriro jarriko dute postua Erribera kalean 12:30etatik 14:00etara, eta 18:30etatik 20:00etara. “Herriko gauza bat dela azaldu nahi dugu. Behar bat da. Orain gu aurkitzen gara behar horrekin, baina etorkizunean beste batzuk izango dira. Horregatik, herritarren parte hartzea eta babesa eskatzen dugu”, gaineratu du Leire Garatek.

Txiribuelta elkartea 2015. urtean sortu zen, baina 0-6 urte bitarteko haur eta gurasoentzat zuzendutako lokalaren eskaera lehenagokoa da. Hala ere, elkartea sortuta, urte horretan egin zen eskaera ofiziala Udalari. Honek, 2016ko martxorako lokal probisional bat emango zietela agindu zien, eta bitartean, Forondako gela bat utzi zieten. Baina bertan egiten diren ikastaroak direla eta, ez zela bateragarria ondorioztatu zen. “Urte hartako abenduan, gaztetxea eskaini ziguten baina gaztetxekoekin bildu ondoren, ikusi genuen ez zela bateragarria. Gainera hauei kontsultatu gabe eskaini ziguten eremu hori, eta argi genuen ez ginela herriko eragileak elkarren aurka borrokan hasiko”, esan du Zearretak. “Hainbeste borroka ondoren, erantzun hori jasotzea pixka bat frustragarria izan zen. Bilera bat izan genuen Udalarekin, eta eskaintza praktikoago eta errealago bat zutenean gurekin harremanetan jartzeko esan genien. Hala, urte hasieratik, biltegi moduan, lokal bat utzi digute”, jarraitu du Garatek.

Biltegi hori Ardantzabiden dago kokatuta, eta beste elkarte batzuekin konpartitzen dute. “Lokal bezala ederra da, baina egokitzea falta zaio. Inbertsioa behar du; komuna, lurra eta berogailua. Obrako biltegia da orain, hautsa besterik ez dago eta umeek hainbat gauza ahora eramaten dituzte”, gaineratu du Zearretak.

Komunitatea sortu

Txiribuelta elkartea 64-66 familiek osatzen dute, eta taldearen helburua da, besteak beste, gurasoen sarea eta harremana handitzea; komunitatea sortzea, alegia. “Lokalak umeen garapenean eta heziketan lagunduko du, eta gainera, gurasoen aterpe ere izango da. Azkenean gure zalantzak, bizipenak eta iritziak trukatzeko topagune bat nahi dugu”, aipatu du Eneritz Alkortak. “Gainera zumaiarrak ez garenontzat elkar ezagutzeko aukera ezin hobea da”, jarraitu du.

Umeen garapenean, mugimenduan eta hezkuntzan laguntzeko lokal hori autogestionatutako leku bat izatea pentsatu dute. “Txiribueltako kideen artean gestionatzea pentsatu dugu, iruditzen zaigu Udalarentzat ere errazena hori dela baina edozein proposamenetara irekita gaude”, aipatu du Zearretak.

Sinadura bilketa hasi aurretik, herritarrak sentsibilizatze aldera gutun batzuk publikatu zituzten. Bertan, lokalaren eskaeraren arrazoiak argitzen zituzten, eta jendearen harrera oso ona izan dela aipatu dute. Asteburuan bukatuko dute sinadura bilketarekin, eta hurrengo pausoa emaitza Udalera eramatea izango da. “Ez badago erantzunik pentsatu beharko dugu borrokan nola jarraitu, baina gauza bat argi daukagu: ez dugu beste negurik pasa nahi lokalik gabe”, adierazi dute.

Erlazionatuak

GUTUNA: Zumaia herri ederra da bizitzeko

Anne Agirre Egibar, Irama Calderon Uria eta Esti Aranbarri Mangas 2018 mar 28 Zumaia

GUTUNA: Zumaiako 0-6 urteko haurrentzako udal lokala banintz...

Eneida Aranzabal Isasa, Luis Rodrigo Ibargutxi Val eta Leire Garate Olaizola 2018 mar 26 Zumaia

GUTUNA: Negua joan da eta, baina…

Ibon Manterola Garate, Nerea Goiria Mendiolea eta Axier Lopez Rodriguez 2018 mar 22 Zumaia 4

GUTUNA: Barru giro

Oihana Aizpurua Perez, Uhin Loiola Uranga eta Maite Mendia Ugarte 2018 mar 21 Zumaia