Orduan bai...

Baleike 2018ko api. 25a, 09:33

Duela hilabete batzuk CD bat iritsi zitzaidan, Joseba Zubiaurrek (Fotos Mertxekoak) bidalia, eta barruan Zumaiako lehen kroseko argazki batzuk zeuden. Hor ageri ziren, Erriberan eta Moilan, hainbat zumaiar saltaka; batzuk, orduan, haurrak eta gaztetxoak, gaur egun helduak; beste batzuk, berriz, orduan helduak, gaur egun helduagoak; argazkietako baten bat ere falta zaigu; saltaka ari diren horiei begira, berriz, aldamenetan beste hainbat zumaiar ezagun daude, eta gaur egungo begiekin begiratuta, argazkietako beste kontu batzuek ere eman didate atentzioa. Memorian aztarrika eginda, galdezka hasita eta hariei tiraka, argazki horiek eta garai hura gogorarazteko eta hobeto ulertzeko arrasto batzuk ekarriko ditugu hona, otsailaren 17an Zumaiako XXXIV. herri lasterketa izango dela eta.

(Imanol Azkueren erreportaje hau otsaileko Baleike aldizkarian argitaratu zen)

Garaia

Argazkiak ikusi orduko, denboran kokatu nahi izan nituen, eta Josebari galdetuta, ez zuen asmatu data zehatzik ematen; esan zidan ibili zela argazkietako kartel batzuen bila, Interneten, baina ez zuela fundamentuzko ezer aurkitu. Nik, berriz, argazkietako saltakari batzuei erreparatuta, lehen begi kolpean 1980 aldera kokatu nuen garaia; hobeto begiratuta, Bar Cantábricoren kanpoaldean, paretan, itsatsitako kartelak aztertuta, pentsatzekoa da udal-hauteskundeen garaia izango zela, eta horiek, lehen “demokratikoak”, 1979k apirilaren 3an izan ziren; beste kartel batzuk, berriz, Maiatzaren 1ekoak dira. Arrasto gehiagoren bila ari nintzenean, ordea, erabateko argia egin zen: 1979ko apirilaren 29an izan zen lasterketa, igandean, goizeko 10:30ean. Nola jakin nuen? Parte hartu zuenetako batek (Ane Miren Azkuek) txukun-txukun gordeta zeukalako karrera haren esku-orria, xehetasunak laburbiltzen zituena.

Ibilbidea eta antolakuntza

Gaztelania hutsean dago esku orria, eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialaren (CAPen, kutxaren aurrekariaren) propaganda darama, hark ordaindu zuen seinale; arraroa badirudi ere, Zumaiako Udalaren aipamenik edo logorik inon ere ez, seguru asko artean osatzeko bidean edo osatu berria zelako.

Esku orri horretan daude jasota lasterketaren gaineko xehetasun nagusiak: emakumezkoentzat eta gizonezkoentzat izango zen; ibilbideak 13 km izango zituen, asfalto gainean, eta irteera-bukaera Amaiako plazan izango zen; asegururako, 14 urtetik gorakoek 100 pezeta ordaindu behar zituzten, eta beherakoek 50 pezeta; eta distantzia hori egiteko ordu eta erdi izango zuten, gehienez ere; azkenik, izena Aguinagalde tabernan (gaur egungo Trapaian) eman behar zen.

Ibilbideari dagokionez, plano batean marraztuta ageri da, bi buelta motarekin: lehenengo, saltakariek zirkuitu labur bati bi buelta eman behar zizkioten herrigunean, Paolbidetik Zuloaga plazara, Erriberatik eta Moilatik barrena pasata; horren ondoren, buelta handiagoa eman behar zuten, Arroakaletik igarota Poligonoan eta Estazioan zehar. Mapan, deigarria da orduan aipatzen ziren leku nagusietako batzuk faltatzea edo beste izen bat izatea gaur egun: Kaiola, CAP, Iberduero, Muebles Endañeta…

1979-04-29ko lasterketaren ibilbidea.

Antolatzaile, berriz, Zumaiako Herri Batzokia (ZHB) zen. Elkartea 1976an eratu zen, herrian sumatzen ziren hainbat hutsune edo gabezia bete nahian; izan ere, hainbeste urte ilun eta loturen ondoren, herrian bazegoen zerbait desberdina egiteko gogoa, arlo ugaritan (baina batez ere kiroletan eta kulturan). ZHBren barruan horiek lantzeko taldeak eratu ziren, eta horietako batzuek, aurrerago, beraien bidea egin zuten, bakarka, eta gaur egun ere jarraitzen dute (futbol taldeak, txirrindulariek…). 1979an, ZHBren bilerak Aita Mari zineman egiten zituzten, eta aurrera begira, Torreberri erosi zuten, baina sekula ez zuten erabili, erre egin zelako; azkenean, eraikina Udalaren esku geratu zen.

Handik hilabetera, maiatzaren 30ean, beste lasterketa bat antolatu zuten, gazteentzat eta haurrentzat, laburragoa, 6,400 kilometrokoa. Baina ez zen izan aldaketa bakarra; izan ere, amaieran ematen ziren bi diplomak alderatuta, bistan da euskara bere lekua hartzen hasia zela.

Apirilaren 29ko lasterketaren amaierako diploma.
Maiatzaren 30eko lasterketaren amaierako diploma.

Saltakari batzuk

Kros hartan parte hartu zutenetako batzuekin harremanetan jarri gara lasterketa hartaz hitz egiteko; “Orduan bai…” izan da askok errepikatu duten esaldia, orduko sasoia gogoan. Argazkietan, erraza da ezagunak aurkitzea: batean, Fernando Zearreta ageri da, aurrealdean Josu Garate Apolo daramala; beste batzuetan, ia bakarkako argazkietan, hor ageri dira ahalegin betean Jesus Mari Agirrezabalaga Rubio, Joxean Agirre, Manu Gorostola Torerua…; beste pare batean, berriz, ume eta gaztetxoak dira nagusi, eta horien artean bi heldu ari dira saltaka, Luis Mari Aizpurua eta Xalbador Agirrezabalaga; ezagutzeko moduan daude, besteak beste, Ane Miren Azkue, Joseba Arana, Mari Karmen Aristi, Amaia Eizmendi, Ines Irureta, Sonia Sasiain, Karmele Sasiain, Mila Osa, Amaia Esnal, Idoia Agirrezabalaga, Maite Egaña, Esther Aizpurua, Arantza Urkidi, Itziar Azkue…; azkenik, beste argazki batean, Jesus Mari Zaldunbide Ondarru ageri da, ezkerrean Karmele Sasian eta eskuinean Mari Karmen Aristi dauzkala.

Fernando Zearreta eta Josu Garate Apolo.

Ane Miren Azkue, Joseba Beobide, Mari Karmen Aristi, Amaia Eizmendi, Ines Irureta, Sonia Sasiain, Karmele Sasiain, Mila Osa...
Manu Gorostola Moilan saltaka.

Atentzioa ematen du saltakarietako batzuek (ez guztiek) kartulina bat eramatea paparrean, eta inork ere ez izatea dortsalik edo propaganda nabarmenik kamisetetan. Lasterketako araudian adierazita dagoenez, izena ematean kartulina jaso behar zuten parte hartzaileek, eta hor idatzi izen-abizenak; horrela, helmugara iritsitakoan, entregatu egin behar zuten kartulina, eta antolatzaileek diploma egingo zieten, ibilbidea egin izanaren egiaztagiria.

Ezkerretik eskuinera, besteak beste: Amaia Esnal, Idoia Agirrezabalaga, Maite Egaña, Luis Mari Aizpurua, Esther Aizpurua, Xalbador Agirrezabalaga, Oihane Osa, Arantza Urkidi, Itziar Azkue…

Luis Mari Aizpuruari galdetu diogu garai hartako kontuez, zer ari den saltaka, hainbeste gaztetxoren artean, Xalbadorrekin: “Gure egitekoa zen gaztetxo hauek ez desmadratzea eta hasieratik zuten guztia ez ematea, amaierako batere gorde gabe”. Baina garai hartakoak baino presenteago dauzka urte batzuk lehenagokoak, 1960ko hamarkadaren hasierakoak, Amaiako plazan: “Urtean hiru edo lau jaialdi izaten ziren. Gehienak herritarren artean, baina baita Getariako eta Orioko atleten aurka ere. Orioko taldean Benito Lertxundi abeslaria zegoen; luzera eta triple saltoak egiten zituen eta oso ona zen”. Pena ere sumatzen zaio Luis Mariri, atletismoa krosa baino askoz ere gehiago delako: “Saltoak, jaurtiketak, erreleboak..., oso polita eta edonork lantzeko modukoa”. Desio bat ere badauka, gainera: “Amaiako Plazan posible ote da, egunen batean, 100 metro, pisu jaurtiketa, altuera eta luzerako saltoa, eta errelebo bikain bat ikusi ahal izatea? Izugarria izango litzateke...”. Xalbadorrek ere gogoan dauzka garai oparo haiek, eta adierazi du beti-betitik ibili izan dela saltaka: “14 urte neuzkanetik, Club Deportivo Zarauzekin, federatuta, krosean-eta”. 1979an, artean, ez zegoen kirola egiteko nahikoa azpiegiturarik (ez kiroldegirik, itsas kiroldegirik…) eta ahal zuten lekuetan ibiltzen ziren; honela dio Xalbadorrek: “Orduan ibiltzen ginen entrenatzen Paolbidean, Amaiako plazan… Migel Angel Urangari esker gimnasioa jarri genuen Hotel Urangaren azpialdean, eta orain Kolegioa dagoen horretan ere entrenatzen ginen”. Luis Mariri, berriz, Itzurun hondartza gustatzen omen zitzaion.

Karmele Sasiain, Jesus Mari Zaldunbide Ondarru eta Mari Karmen Aristi, Moilan saltaka.

Mari Karmen Aristi pare bat argazkitan ageri da, eta gogoan dauka nola saltaka egiten hasi ziren beraien kontura, beroaldi batean, eta orduan ezagutu zituztela saltaka ibiltzen ziren beste batzuk, Ondarru-eta: “Elkar ikusten genuen, entrenatzen-eta, eta halako batean elkarrekin hasi ginen, saltaka. Gero, geratu egiten ginen, eta azaltzen ez baginen, Ondarru batzuetan bila etortzen zitzaigun Zimitariora-eta, ‘Ea! Saltaka egitera!’; edo geu ere joaten gintzaizkion, etxera bila, igande goizean ez zelako agertu… Atea jo eta ‘Ondarru?’, galdetzen genion amari zabaltzen zigunean, eta koartoraino eramaten gintuen”, dio barrezka. Garai hartan hasi ziren herri lasterketak inguruko herrietan, eta batera eta bestera eramaten zituzten Ondarruk-eta gazte haiek.

Lasterketatik kanpo

Jesus Mari Agirrezabalaga Rubio.

Lasterketaren araudian propio jartzen du asfaltoaren gainean izango zela, baina lasterkarien oinpekoari begiratuta, hor ageri zaigu lehengo galtzada harri ederra, garai batean Zumaiako herrigunearen bereizgarri nagusietako bat, gaur egun koskak desagertzeraino leundua edo zuzenean kendua.

Argazki gehienak Magnolioaren pare horretan daude aterata, Bar Cantábricoren aurrealdean, eta eraikin segida oso hori zeharo aldatuta daukagu gaur egun; argazkietan, hor daude taberna eta ondoko ikaztokia, eta aurrerago balenziagatarren tailerra (Aita Mari zinemako kartelera ere jartzen zuten, eskaparatean), Alberdiren sastreria, zentro parrokialaren hondarrak eta beste ikaztokiaren arrastoak (gero piraguistak ere erabili zutena), guztiak ere gaur egun desagertuak. Bistan denez, lehen ez zegoen pasabide zuzenik Moilatik Erriberara, Angeles Sorazu aldapara.

Manu Gorostola Bar Cantábricoren aurrealdetik pasatzen, eta atean, erdi tapatuta, Jose Antonio Uria, nagusia.

Bar Cantábricok, berriz, merezi du bereziki aipatzea, atean ikus baitezakegu nagusia, Jose Antonio Uria, bezero batzuekin hizketan; eta Luis Mari Aizpuruak lotu egin digu atletismoarekin, gainera: “1960 aldera Oargui utzi eta Club Atlético Zumaya sortu genuen. Luistarretatik 80 metrora zegoen Bar Cantábrico izan genuen gure etxe berria. Esan behar da oso gogo onez hartu gintuela Jose Antonio Uriak eta familia osoak han. Aita bat zen guretzat”. Tabernak bi sarbide zeuzkan, Erriberatik bat (argazkikoa) eta Moilatik bestea, terraza eta guztikoa, arbolpean, eta oiloak ere izaten zituzten han; tabernan izotz barrak egiteko makina zeukaten, eta saldu ere egiten zituzten; horren erakusgarri, Jose Antoniok egunero goizeko trenera eramaten zituen bi barra, beste norabaitera eramateko.

Tabernaren kanpoaldean, hor daude paretan itsatsita alderdi politikoen eta sindikatuen kartelak, garai bizi eta itxaropentsu haien aldarri. Izan ere, urtebete pasatxoan, hiru hauteskunde egun izan ziren: 1979ko martxoaren 3an, orokorrak; apirilaren 3an, probintziakoak eta udaletakoak: eta 1980ko martxoaren 9an, autonomikoak. Karteletako batzuk udal hauteskundeetakoak dira; horrela, PSOEk bereizkeria eta pribilegiorik gabeko Udaletxea aldarrikatzen zuen, aurretik pegatuta zeuden Herri Batasunaren kartelen gainean beraienak itsatsita; udal hauteskunde haietan, honela eman zuten botoa zumaiarrek: EAJ/PNV, 1.670 boto (6 zinegotzi); HB, 743 boto (3 zinegotzi); PSE, 540 (2 zinegotzi); EMK, 316 boto (1 zinegotzi); eta EE, 246 boto (1 zinegotzi). Beste kartel batzuk, aldiz, egun gutxira izango zen Maiatzaren 1ekoak dira; hor daude Euskadiko Ezkerrarenak, EMKrenak, CCOOrenak… Azkenik, badago kartel bat Lemoiz gelditzeko eskatzen zuena, borroka antinuklearra bazen seinale, Itziar-Debako zentralaren asmoek are gehiago hauspotuta.

Manu Gorostola Errotako izkinatik pasatzen.

1970eko hamarkadaren amaieran nabarmen hasia zen handitzen autoen kopurua, eta pare bat argazkitan hor daude aparkatuta aldamenetan, magnolioaren parean eta Errotakua estankoaren ondoan, gaur egun ikusten zailak diren modeloak, eta benetan ederra Citroen GS laranja, martxan jarritakoan suspentsioak gora altxarazten zuenetakoa. Behin Errotakua aipatuta, ezin aitatu gabe utzi “Expenduría nº 2” deigarria, estankoaren gainean piperpoto flamantea. Baina autoak auto, dirudienez zumaiarrek artean ia nahi bezala ibiltzea zeukaten kalean, kotxeen enbarazu handirik gabe; izan ere, Moila inguruan lasai ageri da jendea, ez hesirik, ez plastikozko zintarik.

Lasterketa haren gaineko xehetasun gehiago ere jakingo genituzke gustura; zoritxarrez, ordea, garai hartan ez zegoen baleikerik karreraren berri emateko eta guk gero irakurtzeko. Baina orduko kontuak askoren buruetan gordeta egongo ziren nonbaiten, erdi lotan, Joseba Zubiaurreren argazki eder hauek ikusi eta noiz esnatuko zain. Ai, orduan bai…

Zergatik ote dudan bekozko hori

 

Argazki zaharrak ikusten hasten ginen bakoitzean etxekoek esaten zidaten nire edertasunaren loraldia zortzi urterekin iritsi zitzaidala, orduan iritsi nintzela gailurrera, eta geroztik ez nuela gainbehera etengabe eta triste bat baizik ezagutu. Eta zortzi urterekin kopetan kalpar bihurri bat zuen mutikoari begira, neuk ere ontzat ematen nuen bertsio hori, harik eta argazki honi begira zalantzak sortu zaizkidan arte. Nago ez ote nuen loralditxo bat izan 30 urterekin: korrika egiteko estiloa ia perfektua da eta gihar luzeko izter horiek Realeko jokalari askok hartuko lituzkete. Aurpegian bakarrik suma daiteke kezkaren baten itzala. Eginen herrietako sailean nenbilen orduan. Donostiako udaletxeko berri ematen nuen eta gauez berandu bukatzen ziren udalbatzarren kronikak idazten nituen. Auzo elkarteak indarrean jarri ziren orduan. Felix Soto eta bere lagunek 76an erregistratu zuten lehena Donostiako udaletxean: Uliakoa. Bertan egin nahi zituzten 1.500 etxebizitzako plan baten aurka sekulako gerra eman zuten, plenoetan eztabaida ikusgarriak sorraraziz. 79an egin ziren gerra ondoko lehen hauteskundeetan zinegotzi atera zen Soto, Hirigintzaren ardura hartu zuen bere gain eta gelditu zuen plana. Orain, magal horren berdeari begira, neuk ere neure partea badudala pentsatu ohi dut. Eginek orduan edizio lokalak ateratzen zituen (DV lur jota zebilen) eta Zumaiako udal kronikak ere idazten nituen eta ez ziren Donostiakoak baino lasaiagoak. Etxean bi ume txiki genituen. Ez da harritzekoa, beraz, loari kendutako ordu horiek korrika egiterakoan faktura pasatzea.

Joxean Agirre