Berritzen, baina esentzia galdu gabe

Baleike 2018ko api. 24a, 14:31

Voltaia hirukoteak Erortzen izeneko diskoa atera berri du, lau urteko epean argitaratu duen hirugarrena. Aurpegi berria erakutsi du taldeak disko honetan, baina, betiere, Voltaiaren izaera mantenduta. Berrikuntzen, harremanen eta musikaren inguruan hitz egin dugu haiekin.

(Elkarrizketa hau martxoko Baleike aldizkarian argitaratu zen)

Otsailaren 16an atera du Voltaiak disko berria, Erortzen izenekoa. Aste gutxi batzuk lehenago diskoari izena ematen dion kanta plazaratu zuten single edo aurrerapen kanta bezala. Hura entzunda, nabarmen geratu zen aurrez aipatu zituzten berrikuntzen gogoa gauzatu zutela. Urte hauetan jo duten stoner estilotik une batez bada ere jaitsi, eta koro eta guztiko rock dinamikoagoa eskaintzen zuten kanta hartan. Moldaketa hori disko guztian suma daiteke: Voltaiaren izaera mantentzen da, gitarrak eta oinarri erritmiko sendoa hor daude, baina, oraingoan, Unai Gaztañaga ekoizleari esker, alde melodikoa gehiago landu dute. 

Aurreko Medusa (2015) diskoarekin kontzertu dezente eskaini zituen hirukoteak. Erortzen atera eta berehala saio sorta bat lortu dute. Zer unetan aurkitzen diren jakiteko, eta diskoaren grabazioko nondik norakoak kontatzeko, Unai Eizagirrerekin (ahotsa eta baxua) eta Jon Brakamonterekin (gitarrak) elkartu gara. Taldeko bateria jotzaile berriak, Pablo Sanchez ordiziarrak, ezin izan da elkarrizketan egon.

Lau urteko epean hiru disko atera dituzue. Nahiko azkar zoaztela ematen du.

Unai: Kantak egiten joaten gara. Ikusten dugunean bospasei eginda ditugula, estudioa noiz dagoen libre galdetzen dugu. Garai hori hurbil badago, buru-belarri lanean jartzen gara konposatzen, eta hamabi bat kantara heltzen garenean, estudiora sartzen gara grabatzera.

Jon: Aurreko diskoa atera genuela ia bi urte dira. 2015ean atera genuen Medusa, 2015eko urte amaieran.

Diskoak apenas saltzen diren garai honetan, zer garrantzi ematen diozue diskoak grabatzeari?

Unai: Diskoak ateratzea garrantzitsua da guretzat. Disko hau egitea erraza izan da, Eñauten eskutan utzi dugulako. Gauzak nola izatea nahi genuen esan genion aurrekoan: hau honela egin, bestea honela eta hangoa horrela. Dena aurrez esan genion. Oraingo honetan gauzak egiten uzteko eskatuko digu; ez izateko hain burugogorrak eta emaitza ona izango genuela. Fidatu egin gara eta probatu egin dugu. Hau ere gure erara egin izan bagenu, diskoa aurrekoaren antzerakoa izango zen. Zerbait desberdina egin nahi izan dugu, aurrekoarekin zerikusi handirik ez izateko.

Jon: Diskoak aurkezpen txartelak dira. Kontzertuak lortzeko edo promozioa egiteko garrantzitsuak dira. Gero, grabatzea gustatzen zaigu eta diskoak egitea motibazio bat ere bada taldearentzat.

Unai: Talde batzuk kexatu egiten dira grabatu behar dutelako; guk, berriz, gozatu egiten dugu.

Gauza berriak egin nahi zenituztela esan zenidaten behin. Ikusten da lortu duzuela.

Jon: Disko honetan kanta desberdinak sartzea pentsatu genuen. Medusa, bai, ildo berekoa zen, baina honek soinu desberdina du, eta kantak sortzeko era bestelakoa izan da. Dinamikoagoa izan da guztia.

Unai: Ardurak gehiago banatu nahi izan ditugu. Soinu aldetik, kanta batetik bestera eraman ditugu, Jonek dioen bezala, ez hain lineala izateko. Gitarra batzuk fuzzarekin grabatu ditugu, beste batzuk drivearekin, hurrengoak beste pedal mota batekin... Aldatzen joan gara eta emaitza polita geratu da.   

Lehen kantan bertan aldaketa sumatzen da, nire ustez. Erortzen horrek erritmo rockeroagoa du, koruak ditu, eta duen melodiarekin pop ukituak dituela ere esango nuke.

Unai: Kanta, berez, lehenengoa izan zen. Aurreko diskoa atera genuenean, hura izan zen egiten lehena, eta, hasieran, aurrekoen ildo beretik zihoan. Baina, honek, Eñautek, beste buelta bat eman dio koro horiekin eta gitarra aldaketa batzuekin, eta soinua bete egin du.

Jon: Kantak bai, guk eginak ziren, baina berak esan zigun hemen beste gitarra hau sartzeko edo hemen beste soinu hori sartzeko. Emaitza entzun genuen, eta bai, arrazoia zuen.

Unai: Bai. Ahotsekin jokatzen ere ikasi dugu.

Hori guztia zuzenera eramaten izango duzue arazoa.

Jon: Bai, hori erronka izango da guretzat. Saiatzen ari naiz ahotsak sartzen, baina...

Unai: Derrepente kantatzen ikastea ez da erraza! Niretzat ere zaila izan zen kantatzen hastea.

Jon: Lehen, aurreko kantuetan, noizean behin abesten nuen. Orain koro gehiago sartzen saiatzen ari gara. Melodikoagoa izateko, baina, baita, berari laguntzeko ere.

Unai: Ahotsek indarra edukitzea ere nahi dugu.

Zuen aurreko diskoa, Medusa, garrantzitsua izango zen zuentzako. Haren ondoren lortu zenituzten kontzertu mordoa. Kalkulatu al duzue zenbat kontzertu eman zenituzten?

Jon: Medusa lehen disko luzea izan zen. Aurrekoak (Voltaia, 2014) zazpi kanta zituen. Jendeari hura ere gustatu zitzaion. Medusarekin zenbat kontzertu eman ditugun? Bi urtean 80 bat izango dira.

Orain Katapulta Tour zirkuituan hartu zaituztete. Horrek ere aukera gehiago emango dizuete kontzertuak emateko.

Jon: Eramaten gaituen Born to Bingo kudeaketa enpresako Arkaitzek aurkeztu zuen proposamena eta hari esker aukeratu gaituzte. Egia esan, beste bultzada bat da. Uste dut urtean lauzpabost kontzertu antolatuko dizkigutela. Kontzertu gehiago lortzeaz gain, jotzeko baldintza hobeak ere emango dizkigute. Promozioa ere beraiek egiten dute.

Baterian aldaketa izan duzue. Jon Duran joan zen eta Pablo Sanchez sartu da. Duranek utzi zuenean, taldea desegitea pentsatu al zenuten?

Unai: Utzi, ez. Egun batean esan zigun aita izan behar zuela eta ez zela heltzen denera. Pentsatzen genuen noizbait gertatuko zela. Ondo iruditu zitzaigun esan ziguna.

Jon: Bateria jotzaile batzuk bilatzen eta probatzen hasi ginen. Justu urtebete da Pablo gurekin dagoela.

Unai: Lauzpabost pertsona probatu genituen. Batzuk Zumaiatik urruti bizi zirelako ez genituen hartu, eta beste batzuk guk esperotako mailara ez zirelako heltzen.

Jon: Gehienak gure ezagunak ziren. Neska bat ere etorri zitzaigun, berez kataluniarra, baina Nafarroan bizi dena. Asko gustatzen zitzaion egiten genuena eta probatu nahi zuen. Agian ez genion denbora askorik eman, baina errealistak izan behar genuen. Nafarroatik hona etorri beharko zuen behin eta berriro. Zumaiako bat ere probatu genuen, baina lan kontuengatik ez zen hemen bizi. Pablo aurkeztu zen, probatu nahi zuela eta. Itakaren garaitik ezagutzen genuen. Ordiziatik etorri behar du, baina konbentzitu gintuen. Gogoa erakusten du. Orain kanta berriak hobeto entseatu behar ditu. 

Unai: Zaharrak ezagutzen ditu. Berriekin errodajea behar dugu. 

Zer ekarri dizuete Pablok?

Jon: Freskotasuna ekarri digu, baina Pablok, bateria jotzeaz gain, beste gauza batzuetan ere parte hartu nahi du. Orain arte guk biok egin izan ditugu gauza guztiak, eta orain kostatu egiten zaigu hirugarren lagun bat egotea ardura horietan. Pablok kontaktu asko ere baditu, eta hori ona da. Gero, kartelak ere egiten ditu eta sare sozialetan ere aditua da. Lehen nik eramaten nituena orain berak ere eramaten ditu. Bakoitzak lan egiteko era bat du eta ohitu egin behar dugu. Kantak egiteko ideiak ere baditu. Medusan, adibidez, Unairenak ziren ia ideia guztiak. Orain, berriz, denok sartu ditugu ideiak, bai Unairen kantetan, baita nireetan ere. Voltaiaren esentziara moldatu ditugu.

Sareetan aktiboak zarete. Promozio lan handia egiten duzue sareetan.

Jon: Promozio lan hori garrantzitsua da. Zuk disko bat baduzu, eta ez baduzu mugitzen, zaila da aurrera ateratzea. Batek zioen bezala, “hobe da txapa ematea, ez ematea baino”. Beste taldeek ere hor dituzte erremintak. Beste inork ez du hobeto egingo zuk zeuk baino. Manager bat fitxatu dugu, baina nik eta besteok sareetako ardurekin jarraitzen dugu. Gaur egun Facebooken ez bazaude, ez duzu agerikotasunik. Internetek hain ezagunak ez ziren talde zaharrak ezagutarazteko aukera eman du. Baina, bestalde, hainbeste talde daude, zaila da bereiztea.

Orain gutxi Andoainen eman duzue lehen kontzertua. Zer inpresio atera duzue?

Unai: Diskoa atera genuen egun berean eman genuen. Jendea ondo egon zen, baina gu deseroso samar egon ginen. Jardute hori behar dugu. Diskoa atera eta lehen kontzertua zen eta ikusten da behar dugula aritzea. Pixkanaka joango dugu hobetzen. 

Agian denbora asko iragango zen azken kontzertutik?

Unai: Ez, ez, azkenekoa urtarrilaren 13an eman genuen.

Jon: Medusaren azken kontzertua hemen eman genuen, Zumaian, Erribera kaleko horma aurrean [2017ko abuztuaren 26an izan zen]. Jendea deika eta deika ari zen eta kontzertu bat edo besteri ezetz esan genion. Urtarrilean Lizarran Flitterrekin eman genuena mesede bezala jo genuen, talde hartako baxu jotzailea ezagutzen genuelako.

Unai: Soinu ekipoko enpresa bat du eta Iruñean jo izan dugunean haren lagun egin gara. Ezin genion ezetzik esan.

Jon: Baldintzak ere onak ziren.

Beste bat Baionan eman zenuten, abenduan edo.

Jon: Aspalditik genuen hori lotuta, agian 2017ko uda aurretik. Artean ez genuen erabakita grabatzera noiz sartuko ginen.

Unai: Normalan horrela egiten ditugu gauzak, di-da!

Jon: Azaroan sartu ginen estudiora eta abenduan amaitu genuen grabazioa. Gero nahasketak eta masterra egitea etorri ziren. 

Eta bi hilabete eta erdira diskoa eskutan zenuen. Azkar.

Unai: Gu azkarrak gara. Denbora aprobetxatu nahi izaten dugu: egun batean hiru kanta grabatu, hurrengoan beste hiru...

Jon: Kanpotik ematen du prozesua azkarra izan dela, baina eztabaidak ere izan ditugu. Hor ere egon behar da. Grabazioa dago, baina bideoak ere egin ditugu, haiek muntatu, promozioa egin, diseinua ere egin. Diseinatzailea ere nahikoa mareatzen dugu. Azkenean, lana ondo ateratzeko, ez duzu lehen aukera hartu behar.

Unai: Diseinatzailea mareatzen dugu, baina denbora gutxian izaten da. Ez dugu urte osoan mareatzen!

Jon: Diseinatzaile bera ere gustura geratzen saiatzen gara.

Unai: Imanol Sesmak, Gatza Factoryk, egin digu diseinua, aurrekoak bezala. Medusako azala argazkilari errusiar batena zen, baina Imanolek erakutsi zigun. Gero, berak gauza batzuk aldatu zizkion, muntaia ere berak egin zuen.

Jon: Oraingoan bagenuen zalantza, Pablok lagun diseinatzaile bat baduelako.

Unai: Baina Imanolek ezagutzen gaitu eta badaki ‘petardo’ hutsak garela. Jasaten gaitu pixka bat, edo asko, eta bukatzen denean, listo, bakean uzten dugu..., bi urtera arte!

Jon: Ez dakit zorte txarrekoak garen, baina grabazioa amaitu eta denbora gutxira beste abesti bat grabatzeko eskatu ziguten. Aurrekoan berdina gertatu zitzaigun: Medusa grabatu eta berehala beste bi kanta grabatzeko eskatu ziguten.

Erortzen da diskoaren izena, baita lehen abestiarena ere. Baina, bestela, ba al du beste esanahirik?

Unai: Diskoaren izena erabakitzerakoan izenak botatzen jartzen gara. Horrela, agian, hiru aste pasatzen ditugu. Horra iritsita, diskoko lehen kanta zein den begiratzen dugu. Erortzen? Eta Erortzen jartzen badiogu? Azkenean sinpleena eta ondoen geratzen dena aukeratzen dugu.

Jon: Badu esanahi txiki bat, baita ere. Letrak irakurtzen dituzu, eta batzuetan, adibidez, Dekadentzi ritmikon, dekadentziaz, erortzeaz, infernuaz edota odiseaz hitz egiten dugu. Aldarrikapena ere badago: gizartea dekadentea dela, nonbaitetik hautsi behar duela eta ea gobernua noiz erortzen den diogu, besteak beste. Diseinua ere hortik doa. Azaleko txoriei lumak erortzen ari zaizkie, baina oraindik mantendu egiten dira hegan.

Eñaut Gaztañagarekin grabatu duzue berriro ere. Laugarren voltaia al da?

Unai: Laugarren voltaia Jon Gartxi da! Bera da laugarren kidea. Baina Eñaut, bai, gustura egoten da gurekin. Esan izan digu gurekin oso erraz egiten duela lan.

Jon: Honek dioena berehala probatzen dugu.

Unai: Segituan ulertzen gara. Bere taldearekin [Grises], bai, indie musika jotzen du, baina rock and rolla ere asko gustatzen zaio.

Jon: Musika asko entzuten du. Adibidez, diskoren batean modu batean grabatu dutelako, probatzeko eskatzen digu.

Unai: Berak gurekin bazuen eztabaida bat. Eskatzen zigun bere esku uzteko gauzak eta emaitza ona aterako zuela. Gu fidatu gara eta emaitza ona izan da. Pianoak eta sartu ditugu, baina ez dira hain agerian geratu. Guk diskoa rockeroa izatea eskatu genion.

Diskoa ateratzerako badituzue zenbait kontzertu zain...

Jon: Zazpi-zortzi baditugu. Sare sozialen bidez egiten dugu asko lan. Bandcampeko eta Spotifyko loturak bidaltzen ditugu esanaz hori dela egiten dugun musika.  

Unai: Azken finean, gaur egun hala zabaltzen da. Sare sozialetan txapa eman, Bandcampen, Badoken, Youtuben edo Spotifyen entzuteko jarri, kontaktuak izan eta lagunak egin. Jotzen dugun lekuetan lagunak egiten saiatzen gara. Halakoak gara, ez gara diboak.

Jon: Guk ere badakigu zer den kontzertuak antolatzea, zer den kontzertuak lortzea. Guk bi aldeak ezagutzen ditugu. 

Bi taldetan aritu zarete elkarrekin: Itakan eta Voltaian. Batera egin behar al duzue ibilbide osoa?

Unai: Azken finean, lagunak gara. Batak besteari esaten dio zerbait probatzeko, edo beste hau jotzeko. Azkenean, horrela sortzen dira taldeak.

Jon: Gauzak egiteko orduan ondo elkar ulertzen dugu. Itakarekin bi disko eta maketa bat atera genituen, Voltaiarekin goazen bezala. Itakaren azken diskoaren garaian Brasilera joan nintzen karrera amaitzera. Voltaia ere kanpora nindoala sortu zen.

Bien artean, Got-ham sortu zenuen, zuk, Unaik, eta zu, Jon, Brakarlari bakarkako proiektuarekin aritu zinen.

Unai: Got-hamekin ez genituen gauza askorik egiten. Kontzertu batzuk jo bai, baina entsegu gutxi egin genituen gero. Gogo faltagatik laga genuen. Talde guztiei gertatzen zaiena da. Bat agertzen ez bada, besteek ezin dute gauza handirik egin.

Jon: Nire kasuan Brakarlari proiektu puntual bat izan zen. Nire kantu haiek terapia modura hartu nituen. Banekien ez nuela asko jarraituko harekin. Berez, nahiago nuen talde baten aritu, bakarlari segi baino. Bakarlari moduan, agian, eztabaida gutxiago dituzu, baina gero bakarrik jotzea gogorra da. Egiten den guztia, onerako edo txarrerako, zurea da. Proiektu puntualak izan ziren biak, eta honekin hasi ginenean esan genuen taldea sortuko genuela, baina serio eta jarraipena emateko asmoarekin.

 

Diskoa 10 euroan dago salgai Zumaiako leku hauetan: Ertz informatikan, eta Kabi, Metro, Leize eta Itzurun tabernetan.