Argi-ilunak marrazten

Baleike 2018ko api. 23a, 15:53

Ia ibilbide profesional guztia bideogintzari lotua izan du Sonia Alvarez zumaiarrak. Baina duela bizpahiru urtetik hona, argazkigintzan murgilduta dabil. Gaueko argazkigintza du bereizgarri, eta Ivan Rodriguez mutil lagunarekin batera, light painting delako teknikari etekina ateratzen saiatzen ari dira. Martxoko zenbakian egin genien erreportajea da honako hau.

Nafarroako herri txiki batean bizi dira gaur egun Sonia eta Ivan. Mañeru herrikoa da mutila, eta Zumaian lan askorik ez zuenez aurkitzen, hara bizitzera joan zen Sonia ere. Iazko irailetik Gabonak bitartean, Nafarroako Gobernuak antolatzen duen ekintzailetza kurtso batean ibili zen Sonia, eta han ikasitakoa martxan jartzea lortu nahi du. “Hasieran, nire helburua produkzio etxe txiki bat jartzea zen, baina Gobernuko programa hartan aipatu zidaten gai horren inguruan negozio eta pertsona asko zeudela. Orduan, esan zidaten besteengandik ezberdintzeko zerbait behar nuela”, gogoratu du.

Aholku horretatik abiatuz, gaueko argazkigintzarako zuen pasioan oinarria jartzea pentsatu zuen. “Argazkigintzatik gehien gustatzen zaidan arloa izateaz gain, berezien eta ezberdinen ikusten nuena zen. Hau da, eskaintzeko orduan beste edozer baino originalagoa”.

Baina zer da gaueko argazkilaritza? “Iraupen luzekoa da, hau da, esposizio luzeagoak ditu. Klik bat izan beharrean, normalean obturadorea 30 segundoz zabalduta egoten da, nahiz eta bulb moduan jartzea ere badagoen, eta, horren bidez, nahi duzun denbora tartea jar diezaiokezu argazkiari. Obturadorea irekitzen duzunean, kamerak argitasuna hartzen du. Azkenean, argazkia hori da, jasotzen duen argia”, adierazi du.

Argazkilaritzarako pasioan Ivanek ere lagundu dio. Betidanik gustatu izan zaio, eta autodidakta da. “Sonia ezagutu nuenetik pasioa handitu egin zait”, esan du.

Light painting teknika

Gaueko argazkietan, ordea, ez da argirik sartzen. Hain zuzen, hori aprobetxatzen dute, light painting teknika erabiltzeko. “Egiten duguna da obturadorea zabalduta dugun bitartean, eta hondo beltz edo ilunean, linternekin pintatzen hasi. Linternekin edozein marrazki egin daiteke airean, eta kamerak hori jasoko du; hau da, marrazten duzuna”, kontatu du Soniak. “Azkenean da argiarekin testura ezberdin bat bilatzea. Kamerak, argiaren mugimenduak sortutako testura jasotzen du, eta segun zer argirekin, testura ezberdina egin daiteke. Fibra optika edo beirazkoak direnek, adibidez, kea irudikatzen dute, baita sua ere kasu batzuetan”, jarraitu du Ivanek.

Hain zuzen, merkatuan linterna mota asko daude. “Oso garestiak diren linternak daude. Beraz, onena txinatar denda batera joatea da. Harrituta gera zaitezke bertan aurki daitezkeen argiekin. Kolore, forma eta material ezberdinetako pila bat dago”, nabarmendu dute.

Duela bizpahiru urte hasi ziren esposizio luzeko argazkiak egiten Distirarekin egindako kurtso baten bidez. Harra sartu zitzaien, eta gaueko argazkietan espezializatzen hasi ziren. Horrela, Erriberrin egiten den gaueko argazkigintzari buruzko kongresura joaten hasi ziren. “Han hasi ginen gaueko argazkilaritzaz gain light painting egiten zuen jendea ezagutzen. Adibidez, Dark read team taldea. Gure ustez, teknika hau ondoen dakitenak dira. Ikaragarria da egiten dutena”, esan du Soniak. Light paintingaren helburua da hutsetik hasita nahi den argazkia sortzea. “Ideiak badituzu, denetatik egin daiteke”, adierazi dute.

Tailerrak, ezkontzak eta landetxeak

“Argiekin jolastea da light paintinga, eta asko esperimentatu behar da. Baina argazkilariaren gustua ere sartzen da. Kasu batzuetan esajerazioa ere ematen da horrelako argazki motetan, eta ez dute errealitatetik ezer. Neuri ez zait hori gustatzen”, esan du Soniak. Esaterako, bizikleta horia agertzen den argazkian, light painting metodoa erabili dute. “Bizikleta ez dago argiarekin argiztatuta, light paintinga erabili dugu. Azkenean, mailak daude”, gaineratu du Ivanek.

Ekintzailetza programarako azken lan gisa, produktu bat sortu behar izan zuen Soniak, eta hori Nix izan da. Aurrez, bideogintzako eta argazkigintzako lanak egiteko Sumaiss izeneko ekoiztetxea sortuta zuen, baina orain, horren barnean, gaueko argazkilaritzari dedikaturiko atala sortu du: Nix. “Nire asmoa, gaueko argazkilaritzarekin, tailerrak ematea, ezkontzetarako argazkiak ateratzea eta landetxeetarako gaueko argazkiak egitea da. Hori da nire hurrengo proiektua”, kontatu du.

Hain zuzen, tailerrei dagokienez, bizpahiru tailer eman ditu dagoeneko Mañerun, eta datozen hilabeteetarako ere antolatu nahi ditu kurtso berri batzuk. Batez ere, umeei zuzenduta daude. “Flipatu egiten dute light paintingarekin, eta asko gustatzen zaie. Gainera, argazkilaritza ikasteko beste modu bat da. Azkenean nik kameraren ezaugarriak, funtzionamendua eta abar erakusten dizkiet”, esan du Soniak. Orain arte egin dituen tailerrak arrakastatsuak izan dira, eta gurasoak ere hasi zaizkie beraientzat antolatzeko esanez. “Kuriosoa iruditzen zaie”.

Light paintingaren erabilpena anitza izan daiteke, eta ezkontza argazkietan ere bere tokia izan dezake. Hain zuzen, bikote baten ezkontza ondorengo argazkiekin egin zuten proba iazko ekainean. “San Juan bezpera zen. Argazkiak Zarauzko torreoian atera genituen, eta gauak kolore berezia zuen herrian zeuden hainbat suk eraginda. Bikoteari asko gustatu zitzaion nola gelditu ziren argazkiak”, adierazi dute. Baina ezkontzen kasuan, haratago joan nahi dute, eta ezkontza egunean bertan, bazkalondoren photocall bat jartzeko ideia dute buruan. “Karpa txiki bat nahi dugu erosi, eta bertan, gonbidatuekin light paintingeko photocalla egin. Horrela zerbitzu hori jatetxeetan eskaini, eta zerbait ezberdina egiteko aukera eman ezkonberriei eta gonbidatuei”.

Amaitzeko, landetxeei zuzendutako hirugarren lerro bat nahi dute garatu. Hain zuzen, gaueko argazkiekin, horien katalogoa osatu eta edertu. “Normalean, landetxe bateko argazkiak ikusten hasten garenean, egunez ateratakoak bakarrik egoten dira. Baina, bezero bezala, gaua ere bertan pasatzen dugu, eta, horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu landetxea gauez nolakoa den ikusteko argazkiak ateratzea”. Dagoeneko Amorebieta-Etxanon kokatzen den landetxe bati egin dizkiote gaueko argazkiak eta jabea oso gustura dago emaitzarekin. “Gure ideia horrelako lan gehiago egitea da, batez ere, Erronkari inguruan. Starlight destino gisa izendatua izan da, hau da, zerua eta izarrak ikusteko toki egoki bezala. Turistentzat erreklamo bat da, eta agian bertako landetxeei gure zerbitzua interesatzen zaie”.

Apustu garbia egin nahi du Soniak gaueko argazkigintzaren inguruan, eta hiru lan lerro horiek garatuz, Nix proiektua aurrera atera. Hau da, afizioa ofizio bihurtu. Bitartean, bost zentzuak adi izango ditu, eta ideia berriak esperimentazioarekin nahastuz, argazki eta istorio ezberdinak sortzen joango da. “Orain arte egin ditugun lanetan bezeroa gustura gelditu da. Zerbait ezberdina da, originala eta toke berezi bat ematen die argazkiei. Argien erabilpena gehiegizkoa izan gabe, eta esajerazioa alde batera utziz, gauza politak atera daitezke. Horretan jarraituko dugu”.

Elkarrizketa Euskadi Irratiko 'Sarean' saioan

Puntu.eus fundazioak eta Euskadi Irratiak elkarlanean ekoiztutako irrati saioan, Sarean, elkarrizketatu zuen Leire Palacios kazetariak Sonia Alvarez. Hemen duzue elkarrizketa osoa entzungai.