Santiagoko eremua berritzeko lanen kontratua esleitu dute

Baleike 2018ko api. 20a, 14:18

Santiago hondartzako eremua berritzeko lanak Abaldo, S.A. enpresari esleitu dizkio Espainiako Gobernuak. 1.139.215 euroan esleitu ditu lanak. Kopurua hasieran aurreikusita zeuden 1,7 milioi euroak baino dezente baxuagoa da. Lanak hemendik hiruzpalau astera hastea aurreikusten da.  

Lan hauek gauzatzeko epea sei hilabetekoa izango dela adierazi dute Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen azpiordezkaritzatik. Beraz, urrirako lanak amaituta egongo direla espero da. Obrak abian dauden denboran hondartza erabiltzea izango dela azpimarratu dute.  

Gaur egun dauden eskailerak berritzea, eta beste bi eskailera egitea jasotzen da lanetan. Horrez gain, garabiak edo traktoreak bezalako ibilgailuentzako arrapala ere egingo da. Horren azpian joango dira hondartzako komunak eta zerbitzuak. Espaloia Erdikohaitza izeneko gunera arte luzatu da, eta gaur egun dauden zenbait azpiegitura kenduko dira. Saneamendu sarea ere jarriko da. Landaretzari dagokionez, espezie inbaditzaileak kentzea eta dunen zonaldea biziberritzea ere jasotzen da. 

"Hondartzarako irisgarritasuna berritzea eta hobetzea garrantzitsua da, baina baita ingurunean balio naturala gordetzea ere, Gipuzkoan aurki daitekeen dunen gune bakarrenetakoa delako", adierazi du Gipuzkoako ordezkariordeak.