Itsuentzako materiala sortu dute Algorri interpretazio zentroan

Baleike 2018ko api. 19a, 21:51

GKN Driveline Zumaia langileen eta enpresaren laguntza  izan da ekimena gauzatzeko. Itsuentzako laminak eta figurak egin dira, baina seinaleztapena hobetu ere.

Itsu batek, edo ikusmen urritasuna duen norbaitek, irudikatu al dezake olagarro bat? Bai, mila eta bat aldiz entzungo zuen burua eta zortzi erro dituela, baina, animalia hori nolakoa dela uste dute? Eta Geoparkearen eremuan dauden beste animaliak, plantak edo flyscha bera? Horri soluzio bat eman nahian, Algorri Interpretazio Zentroak eta GKN Driveline Zumaia enpresak bat egin dute ezaguera hori, naturako aberastasun hori, itsuen esku ere jartzeko. 

Enpresa honek gizarte arloa lantzen du bai faktoria barruan baita handik kanpo ere. “Aurreko urteotan Aspanogi eta Adela elkarteen aldeko jarduerak gauzatu ditugu enpresan. Aurten ingurumenaren gaia jorratu nahi genuen, eta Geoparkearekin jarri ginen harremanetan. Kosta garbitzeko ekitaldi batean parte hartu genuen, baina beste zerbait egiteko gogoa genuen, eta itsuentzako eskaintza hau sortzea atera zen”, adierazi du enpresako kide Ianire Floresek.

Kanpainaren baitan sortutako materialaren aurkezpen ekitaldian enpresako gerente Txomin Oronoz, eta giza baliabideetako buru Iñigo Zaldua izan dira. Bertan izan dira, baita ere, Oier Korta alkatea, Euskal Kostako Geoparkeko gerente Leire Barriuso, eta Algorri zentroko zuzendari Begoña Rivero.

Zentroan egin diren ekintza hauek guztiak ONCE erakundearekin batera gauzatu direla azpimarratu du Riverok. “Batetik, eraikinean seinaleztapen berria jarri da, itsuetan pentsatuta. Hemendik jende asko pasatzen da, baina ez gara ohartzen hauek beste behar batzuk dituztela”. Material berria ere sortu dute. Gure kostaldean aurki daitezkeen altxorren berri ematen duten lamina batzuk egin dira, braillez idatzita eta erliebezko irudiak dituztenak. Bestalde, animalien eta planten figura batzuk ere sortu dituzte. Hala, eskutan hartuta, bizidun hauen nondik norakoak irudikatu ditzakete.

Ekintza honekin pozik agertu da, baita ere, Geoparkeko gerente Leire Barriuso. Eragile publikoek eta pribatuek halako ekimen batean bat egitea positibotzat jo du.

Ekimena aurkezteaz gain, ekitaldira etorritako itsu talde batek izan du materiala erabiltzeko aukera. Zentroko teknikariek azalpenak eman dizkie, beraiek behatzekin irakurtzen zuten bitartean. Amaieran, eskerrak luzatu zizkieten ekimena aurrera eraman duten guztiei.