Unescoren nazioarteko ikastetxeen sarean sartu dira Herri Eskola eta Maria eta Jose ikastetxea

Baleike 2018ko api. 19a, 08:28

180 herrialdetako 9.566 ikastetxek osatzen dute Unescori lotutako ikastetxeen nazioarteko sarea. Urtero, eskola berriak saretzen dira bertan, eta aurten, EAEko bi sartu dira; biak zumaiarrak gainera.

Estatu mailan Asturias, Alacant, Valentzia eta beste hainbat autonomia erkidegotako zortzi eskola sartu dira Unescoren nazioarteko ikastetxeen sarean aurten. EAEtik ere, bi eskola gehitu dira, eta biak zumaiarrak. Orain arte, zazpi eskola euskaldun zeuden saretuta, horietatik bakarra gipuzkoarra. “Pozgarria da errekonozimendu hau”, aitortu dute Antton Garikano eta Isaak Aranberrik, Zumaiako Herri Eskola eta Maria eta Jose ikastetxeko zuzendariek.

Unescori lotutako ikastetxeen nazioarteko sarea 1953an sortutako hezkuntza-programa bat da, eta helburu du mundu osoko ikastetxeen artean lau gairekin zerikusia duten esperientzien, proiektuen eta material didaktikoen trukea bideratu eta sustatzea. Lau gai horiek hauek dira: Munduko arazoak eta Nazio Batuen eginkizuna, Garapen jasangarrirako hezkuntza, Bakea eta Giza eskubideak eta Kultura-arteko ikaskuntza.

Bi bide

Eskola bakoitza bide batetik sartu da Unescoren sarean. Maria eta Joseren kasuan, konfiantzaren pedagogia dela eta, dei bat jaso zuten duela urte eta erdi. “Gure hezkuntza sistema azaltzera joan ginen, eta bide batez, sarean sartzeko gonbidapena luzatu ziguten”, esan du Aranberrik. Hala, Unescok dituen lau zutabeen artean bat aukeratu, eta eskolan garatzen ari diren proiektuetako bat  aurkeztu zuten; Bake atalka. “Bakea eta Giza eskubideen arloa hartu genuen, izan ere, eskolako proiektuarekin bat zetorren. Makroproiektu horri forma eman eta euskaratik gaztelera edo ingelesera itzuli behar izan genuen. Gure kasuan bietara itzuli genuen”.

Herri eskola bere aldetik, Zumaiako ondare materiala eta inmateriala landu du. “Iaz Algorri Interpretazio zentrora joan ginen, eta bertan Unescoko batzuk aurkezpen bat egin zuten. Gu txanela zahar bat eta maketa batzuk berritzen ari ginen. Ontzi tradizionaletatik abiatuz, ondarearen lanketa burutzen ari ginen, beraz, alde horretatik jo genuen”, adierazi du Garikanok.

Aitorpena eta babesa

Unescoren nazioarteko ikastetxeen sarean sartzeak, orain arte egindako lanari aitorpena eta babesa ematea dela uste dute bi zuzendariek. “Aurrera begira ere bide horretatik jarraitu behar dugula esan nahi du”, aipatu dute. “Baina horrekin batera, konpromiso bat ere eskatzen dute. Hau da, Unescok babesten dituen ekintzekin bat egin, eta beraiek zehaztutako helburuen atzetik lan egin”, jarraitu dute.

Urte honetan ildo berean egingo dute lan bi eskolek. Maria eta Josek Bake eta Giza eskubideen arloan jarraituko du. “Urte honetarako hainbat ekintza eta ideia proiektatuta genituen, eta bide horretan egingo dugu lan”. Herri Eskolak ere, ondarearen atala aztertzen segituko du; Zumaiako kofradia da horietako bat. “Herriko eragile batzuekin jarri gara kontaktuan kofradiaren berri izateko, eta akaso, etorkizun hurbil batean, ikasleek kofradia erakutsiko dute herritarrei”. Gainera, zementugintzak Beduan eta Narrondon izan zuen bilakaera ere aztertuko dute.